Amancio Ortegak 15 milioi euro emango dizkio Osakidetzari

Erredakzioa 2017ko api. 25a, 13:26

Minbizia tratatzeko makina berria instalatuko dute Txagorritxu ospitalean.

Diru horrekin minbizia tratatzeko makinak erosiko dituzte, eta horietako bat Txagorritxu ospitalean instalatuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkulluk eta Amancio Ortega Fundazioko lehendakariorde Flora Perezek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo. Hitzarmen horren bidez, minbizia tratatzeko tresneria erosiko du Osakidetzak, eta makina horietako bat Txagorritxu unibertsitate-ospitalean instalatuko dute.  Lan hitzarmen horri esker, guztira, 14.700.000 euro jasoko ditu osasun-sistema publikoak.

Inditex enpresako buruak sortutako fundazioarekin sinatutako akordioari esker, bularreko minbizia antzemateko mamografo bat erosi ahalko du Osakidetzak, baita erradioterapia egiteko dituen hamar azeleragailuak berritu. Hala, bost urteko inbertsioa azkartuko du Eusko Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, EAEn minbizia da heriotzaren lehenengo eragilea (urtero %30,8 hiltzen dira minbiziagatik) nahiz eta azken hamarkadetan, screening programen ezarpenak eta diagnostiko eta tratamendurako teknika berrien garapenak nabarmen handitu dituzten prozesu onkologikoetan dauden pertsonen biziraupen-tasak eta bizi-kalitatea. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago