Iazko marka gainditu du Gasteizko autobus geltokiak Aste Santuan

Erredakzioa 2017ko api. 20a, 10:43
Ibilbide guztietan hobetu dira kopuruak. /Alea

Iaz baino %16 bidaiari gehiago igaro dira autobus geltokitik.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, amaitu berri den Aste Santuan 45.618 bidaiari garraiatu dituzte Gasteizko autobus-geltokian, hau da, iaz baino % 16 gehiago, eta 2015ean baino % 34,5 gehiago. Apirilaren 12tik (asteazkena) 18ra (asteartea) 3.197 autobus sartu eta irten ziren, 2016an baino % 8,5 gehiago. Ibilbide guztietan hobetu dira erabilera kopuruak, bereziki 50 eta 100 kilometro artekoetan eta zerbitzu turistikoetan; azken horietan, iaz 937 pertsona garraiatu ziren, eta aurten 2.422, beraz,  hazkundea % 150etik gorakoa izan da.

Aste Santuko kanpainako kopuru deigarrienen artean apirilaren 12an egindako 646 operazioak nabarmendu dituzte, iazko abenduaren 23an lortutako markatik (650) gertu. Egun horretan 11.123 bidaiari erregistratu ziren autobus-geltokian, hots, 2015eko martxoan inauguratu zenetik lortutako marka onenen arteko hamargarrena. Zerbitzu turistikoei dagokienez, apirilaren 13an (osteguna), inoizko kopururik altuenera iritsi zen geltoki berria ireki zenetik: 33 autobus.

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok alor hori nabarmendu du bereziki. Bidaia agentziek gero eta gehiago baloratzen dute autobus-geltokiaren kalitatea eta erosotasuna, eta horregatik gero eta gehiagotan aukeratzen dute beren joan-etorrietarako, hortik Aste Santuan izandako hazkunde handia”, amaitu du Gonzalok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide