Ekainaren 18an Bastidan ospatuko den Araba Euskarazek badu bideoklipa. Gaur goizean aurkeztu dute, eta bertan Bastida ikastolako ikasleekin batera, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba eta Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo dira protagonistak. Bideoklipa martxoaren 11an grabatu zen herrian.
Bideokliparen zuzendaritza eta errealizazioa Irudikatek egin du; grabaketa, aldiz, Ander Salsamendi eta Mikel Ezkerroren lana izan da. Aurtengo kantaren hitzak Orlando Arreitunandiarenak dira. Iñaki Ortiz de Villalbak eta Zuriñe Hidalgok jarri dute ahotsa. Taldea osatu dute Iñigo Arrietak tronpetan, Pablo Ramozek saxofoian, Fernando Arrietak tronboian, Koldo Uriartek gitarran, teklatuan eta nahasketa eta ekoizpen lanak egiten. Angel Katarain masterizazioaz arduratu da.