Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa 1917ko abuztuaren 3an sortu zen, jaietako elementuei lau erraldoi eta lau buruhandi gehituta; zaldiak eta txotak geroago sartu ziren. Aurten 100 urte beteko dituzte Arabako jaiak alaitzen dituzten pertsonaia hauek, eta horregatik, zenbait ekitaldi antolatu ditu Gasteizko Udalak.
Igande honetan, hilaren 30ean, Andre Maria Zuriaren jaien aurreko igandean, egingo zaie omenaldia hasierako irudiei, eta Arabako eta Euskal Herriko erraldoi aipagarrienak elkartuko dituzte. Orotara, 50 erraldoitik gora elkartuko dira, besteak beste, Amurrio, Guardia, Oion, Urduña, Donostia, Bilbo, Bergara, Noain eta Iruñekoak.
Gasteizko konpartsak, ekitaldiaren protagonista nagusia izango denez, osorik desfilatuko du: hamar erraldoi, zortzi buruhandi (lau historikoak eta lau modernoak), lau zaldi eta lau txota.
Egitaraua
11:00: Erraldoien elkarretaratzea, Floridan, Berpizkundearen plazan eta Katedral Berriaren aurrean.
12:00: Gasteizko konpartsak 1917an Aldundiaren jauregiaren aurrean ateratako argazkiaren berregitea (Konpartsa 100 urte geroago). Probintzia plaza.
12:30: Parte hartzen duten konpartsen elkarretaratzea eta dantzak. Andre Maria Zuriaren plaza.
14:00: Kalejira hiriaren erdialdetik (Andre Maria Zuriaren plaza, Posta kalea, Foru kalea, Independentzia kalea, Babesgabetuak, Angulema kalea, Berpizkundearen plaza).
15:00: Erraldoien erakusketa, Berpizkundearen plazan.
18:30: Gasteizko Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsaren itzulera.