alea.eus

Tokiko erakundeen finantzazio funtsa aldatu nahi du Udalak, "Gasteizi dakarkion desabantaila orekatzeko"

Erredakzioa 2017-04-04 22:00   Ekonomia  Araba

Azken bost urteetan, Udalaren kalterako den desfase ekonomikoa 47 milioi euro ingurukoa izan dela adierazi du Gorka Urtaranek.

Tokiko erakundeen finantzazio funtsa aldatu nahi du Udalak, "Gasteizi dakarkion desabantaila orekatzeko"
Gorka Urtaran alkateak agerraldia egin du Arabako Batzar Nagusietan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gorka Urtaranek toki erakundeak finantzatzeko foru funtsa (Fofel) berrikusteko beharra dagoela adierazi du gaur, Arabako Batzar Nagusietan lanean diharduen Toki Erakundeen Finantzaketari buruzko Batzorde Txostengilean. Nabamendu duenez, foru finantzaketaren banaketak Gasteizi dakarkion "desabantaila" orekatu behar da, eta horretarako "Fofelen aldakuntza egiteko premia" dago.

"Udalen Legean ezarritakoaren ildotik, Fofelen zuzkidura apurka-apurka gehitu beharra dago, %56ra arte, gaur egun beste hiri eta udalerri batzuen aldean Gasteizen gertatzen den desabantaila zuzentzeko", adierazi du Gorka Urtaranek. Hala, foru funtsaren zuzkidura ekonomikoa %56koa balitz, 11.498.582 euro gehiago jasoko lituzke Udalak aurten. Azken bost urteetan, Udalaren kalterako den desfase ekonomiko hori, guztira, 47.432.564 eurokoa izan dela adierazi du Urtaranek.

Gasteizko Udalak modu esklusiboan hartzen ditu bere gain Araba osoari zerbitzua ematen dizkien zenbait instalaziori lotutako gastuak. Besteak beste, Jundizko hiri-hondakin solidoen lantegia, Gardelegiko zabortegia eta Animaliak Babesteko Zentroa. Jundizko lantegiaren kasuan, esaterako, 650.000 euroko gastua hartzen du bere gain Gasteizek,  eta kopuru horri aurre egitea beste kuadrilla batzuei dagoekiela azaldu du Urtaranek. 

Desabantaila horretan eragiten duen beste faktore bat da Gasteizko udal aurrekontuak ikuspegi ekonomikotik defizitarioak diren zerbitzuak finantzatzen ari direla kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arloan. Gasteiztarrak izan ezik, horien ohiko erabiltzaileak hiriburutik kanpo bizi direnak ere badira. Era berean, lurralde osoari zerbitzua ematen dioten hezkuntzaren, osasunaren eta garraioaren arloko azpiegiturak Gasteizen kokatuta egoteak horiei lotutako gastuak modu esklusiboan bere gain hartzera behartzen du Udala; hala nola aparkalekuei, hiri-garraioari edo instalazioen mantentze-lanei dagozkienak.

Azkenik, kuadrilla bakoitzak jasotzen duen diru-esleipena berraztertu behar dela gaineratu du alkateak. Bere esanetan, Gasteizko Udalak kuadrillari dagozkion zerbitzuak ematen ditu, eta, hala ere, kuadrilletako bakoitzarentzat erreserbatzen den partaidetza finkoa ere (67.613 eurokoa) ez du jasotzen.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa