20. Korrika

Korrika, eguneroko praktika ona

Ane Pedruzo 2017ko mar. 30a, 12:05

"Mendez mende euskalduna izan da euskaraduna… aspaldiko egi hau gaur egunera ekartzeko egunak ditugu apirilaren 9ra bitartekoak. Eta… hortik aurrera?".

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei... oharkabean adinean gora goaz denok. Bi urterik behin bada ere, Korrika ere badoa urteak betetzen. Zortzi, bederatzi, hamar, Euskal Herria Korrika… Hogei urte pasa dira doinu hartatik, gezurra dirudi, ezta?

Ia konturatu gabe, 20. Korrikan murgildurik gaude. Oñatitik Bilborako bidea egin zuen euskararen aldeko lehen korrikak 1980. urtea amaitzear zela. Otxandiotik Iruñera joango da hogeigarrena.

Hitz joko polit batekin aurkeztu zaigu oraingoan ere bai: BatZuk. Hizkuntza, kultura eta mundu batZuk, nire hizkuntza, zure hizkuntza;  gure kultura(k); mundu hau(ek). Euskaratik abiatuta, hizkuntza eta kultura aniztasunaren aldeko aldarri ozena egitera etorri da. 

Milaka izango gara aldarria gure egingo dugunok. Korrika badatoooor! entzun orduko emozioak kudeatzen asmatu ezinean ibiliko garen ehunka euskalakari, pausoz pauso. Guztiok elkarrekin, herri bat osorik, gero bat euskaraz eraikitzeko prest, Laboa eta Ordorikaren esanak gure eginez, Ez Dok Amairuren malefiziorik gabe. 

Karriketan korrika, korrika karriketan joango da euskara datozen egunotan. Eta Remigio Mendibururen artelanean oinarritutako lekukoa, ezkutuko mezuaren zaindaririk txintxoena, kilometroz kilometro, eskuz esku.

Mendez mende euskalduna izan da euskaraduna… aspaldiko egi hau gaur egunera ekartzeko egunak ditugu apirilaren 9ra bitartekoak. Eta… hortik aurrera?

Zer irudituko litzaizueke Korrikak eragindako energia zurrunbilo amaigabea eguneroko konpromiso pilulatan banatzeko ahalegina egingo bagenu? Euskararen herriak markak hausten ditu Korrika egunetan, bere potentzial erraldoia agerian da. Zer gertatuko litzateke indar guzti hori hamaika egunetik haratago bidelagun izango bagenu? Egunerokoan bidaide? Imajinatzen?

Proposamena argia da: eman diezaiogun euskara elkarri, egunero elkar euskahaldundu gaitezen. Zure, nire, haren, hire, haien, gure esku dago. Hona aukera, jalgi hadi euskaraz, laga erdara, bizi ganoraz. Eta aukeran, ez egin galde gu zenbat lagun ote, izan ere, hirekin asko izan gaitezke!

Bihur dezagun korrika eguneroko praktika ona!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago