20. Korrika

"Berezia izango da Gasteizko Aniztasunaren Kilometroa"

Anakoz Amenabar 2017ko mar. 30a, 10:39

Txus Argote, Gasteizko AEK-Arana euskaltegian

Hogeigarren Korrika berezia izango da Txus Argote Arabako Korrika arduradunaren esanetan; bestek beste, euskalduntzearen doakotasuna eskatu eta kultur aniztasunaren aldeko lekukoak hartuko dituzte

 

Korrikari bidea egiten joango da Txus Argote (Bilar, 1972) Arabako Korrika arduraduna, lekukoaren aurretik, autoan. Zain dauden milaka lagunen aurpegiak ikusten lehena izango da; horren aurretik, baina, hamaika boluntario mobilizatu eta hurrengo egunetan dena prest izan dadin, azkeneko enkargu eta gestioak egiten dabil telefonoari lotuta.    

Hogeigarren Korrika. Zer esanahi dauka zuretzat?

Korrika orain dena da. Urtean zehar da, baina are gehiago hilabete hauetan. Barruan gaudenontzat ere emozioa sortzen duen zerbait da; ni beti emozionatzen naiz, kilometro guztietan, Gasteizen ikusten dudanean milaka pertsona daudela kilometro baten zain, eta berdin-berdin Trebiñun, Baxauri aldean, ikusten dudanean bi pertsona daudela lekukoa hartzeko prest. Niretzat oso handia da, eta ezin da azaldu, honi buruz hitz egiten ere emozionatzen naiz... Emozioa da eta, batez ere, herri oso bat martxan: herriak egin ahal duenaren ispilu.

Laugarren Korrika duzu antolatzaile lanetan. Momentu berezirik izan da?

Urtero Kutxin sartzeko autotik jeitsi behar dudanean jendea paretik kentzeko, oihuka, oso polita da niretzat. Eta larritasun momentuak ere izan dira, adibidez, Gasteizen duela lau Korrika, gaizki kalkulatu genuen eta furgonetak ezin pasa geratu ziren zubi batean; ez zen ezer gertatu, baina larria izan ahal zela konturatu ginen gerora, momentu hori gogoan daukat. Segurtasun kezka hori ere badut...

Parte-hartzea zelakoa izan da aurten?

Balantze oso positiboa izan da. Gasteizen arin saldu ditugu kilometroak, eta inoiz baino gehiago gainera; 90 bat lekuko aldaketa izango dira. Kuadrilletan ere ondo; Lautadan esaterako, izugarria izan da erantzuna. Trebiñun izan da zailtasun gehien, kilometro asko daudelako eta 3.500 biztanle.     

Arabako Errioxan haserre daude...

Alde batetik poztekoa da, Korrika bezalako ekimenak  halako haserrea sortzea zure eskualdetik pasatzen ez denean; poztekoa esaten dut, askoz okerragoa litzatekeelako ezaxola eragitea. Araba oso zabala da eta zoritxarrez ezin dugu eskualde guztietatik pasatu; aurten horrela erabaki da. Poztekoa da, baita ere, bertatik igaroko ez dela ikusita, eurek ekimena antolatzea, hori oso garrantzitsua da. Ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara eta bistan da haiek ez direla poizik; barkamena eskatu behar diegu Korrikatik, eta saiatuko gara haien eskaera betetzen eta kontuan hartzen. Guretzat Arabako Errioxa oso inportantea da, dudarik gabe.

 

"Doakotasunaren aldeko kilometro bat izango dugu Gasteizen; bada garaia gai honi heltzeko"

 

Otxandiotik abiatuko da Korrika eta jarraian Araban sartuko da.

Ez da Araba, baina arabar guztiok sentitzen dugu pixkat bat Otxandio Araba balitz moduan, eta haiek publikoki esango ez badute ere, Araba  bihotzean daramate kar kar kar. Oso pozik gaude Otxandion hasiko delako, gainera Gasteizko AEKn baditugu hiru otxandiar, irakasleak, inplikatuta daudenak antolakuntzan eta sekulako lana egin dutenak beste otxandiarrekin batera guztia bikain atera dadin. Guretzat oso gertuko gauza da han hastea, oparitxo bat, ez zitzaigun tokatzen Araban, baina ia ia.

Ekilibristak, funanbulistak, fakirrak... dio kantak. Horrela sentitzen zarete?

Horrela sentitzen gara AEK-ko irakasleak eta ikasleei buruz zer esan... ekilibrioak egin behar dituzte Nor-Nori-Nork eta baldintzekin lan egiteko orduan. Metafora polita iruditu zaigu hemen egiten dugun lana irudikatzeko. Gure hizkuntzaren inguruan lan egiten duen jende guztia horretan dabil, ekilibrioak egiten aurrekontuekin, malabareak baliabideekin, boluntarioekin... Ondo irudikatzen du guztion lana.

Zein da euskaltegien egoera?

Gazi-gozoa. Duela urte batzuk gertatu zen moteltze izugarria, eta ikusten ari gara izugarrizko lana dagoela egiteko, zoritxarrez, ez dugula baliabide nahikorik, eta beste gauzen artean horregatik antolatzen dugu Korrika. Oraindik baliabide faltan gaude, askotan egoera prekarioan daude euskaltegiak, eta batzuetan prekarioak dira langileen lan baldintzak; horretaz gutxi hitz egiten dugun arren, noizbait hitz egin beharko genuke... Jardun luzea da askotan soldata duina eraman ahal izateko, edo ez hain duina;  euskara irakasle oso kualifikatuak ditugu euskaltegietan, unibertsitate ikasketak dituztenak eta uste dugu ez dutela jasotzen merezi dutena. Beste alde batetik, doakotasunaren aldeko kilometro bat izango dugu aurten Gasteizen –Frantzia kalean–, Euskara doan denontzat lemapean eta hori aldarrikatu nahi dugu. Uste dugu badela ordua gaiari heltzeko, ez da posible herri honetan euskalduntzeko halako gastua egin behar izatea; aurrekoan eman zituzten datuak kontuan hartuta, etxe baten bi urteko erosketa egin ahal izango zenuke. Ez da justua, ez ikasten ari direnentzat, ezta kanpoan gelditzen direnentzat ere, eta irtenbide bat eman behar zaio. 

Bereziki nor gustatuko litzaizuke ikustea 20. Korrikan? 

Politikariak esatea litzateke errazena, baina uste dut, zorionez, alderdi guztietako ordezkariek egingo dutela korrika Araban, modu batean edo bestean; oso harrera zabala du alde horretatik. Gustatuko litzaidake azken urteetan kanpotik etorri den jende gehiago ikustea, Europatik kanpokoak etorritakoak, Hegoamerikatik etorritako gasteiztar berriak, Magrebetik etorritakoak... Beraien seme-alabek parte hartuko dute Korrika Txikian, amak ere izango dira, eta aitak zerbait gehiago ikustea kostatuko zaigu, horiek elkartzea ikustea nahiko nuke. Horri tiraka, aurten oso ekimen polita dugu Gasteizen, Lakuan Aniztasunaren Kilometroa antolatu dute; elkarte mordoa ari dira Sareak Josten ekimen batean, eta kilometro berezia izango da. 

Azkeneko mezua nork eraman behar duen ez diguzu aurreratuko, ezta? 

Hiru aldiz galdetzen badidazu esango nizuke ze oso txarra naiz sekretuak gordetzeko, baina zoritxarrez nik neuk ere ez dakit kar kar.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago