20. Korrika

Hogeigarren oinkada

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko mar. 29a, 16:20
16. Korrika Gasteizen amaitu zen, 2009. urtean. MANU ARAKAMA

Hiru bider hasi da Korrika Araban, eta birritan bukatu da herrialdean. Bihar abiatuko da Otxandiotik hogeigarrrena; Araban ibilbide luzea egingo du.

Lehenengo Korrika 1980. urtean antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena izatera iritsi da. Ordudanik, hemeretzi Korrika eta 37 urte igaro dira. 2017ko martxoaren 30ean hasita, hamaika egunez eta gelditu gabe,  20. Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du. Bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun, gelditu gabe. Otxandiotik Iruñera euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat dela aldarrikatuko dute lasterkariek. 

Arabako kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketak aurten, Errioxa salbu. Gainera, ez da oharkabean pasatuko, hamaika egun hauetan lau aldiz zapalduko baititu Arabako lurrak Korrikak, lehenbizikoz ostegunean bertan, martxoaren 30ean. 17:00etan Otxandiotik aterako da eta berehala abiatuko da Legutio aldera, Gasteizera ziztu bizian iristeko asmoarekin. Behin hiriburuko auzoak eta erdigunea goitik-behera zeharkatu ondoren, eta kaleen soinuak atzean utzi eta gero, larreen eta basoen artean galduko da euskararen aldeko lasterketa. Añanako, Trebiñuko eta Mendialdeko zenbait herri igaroko ditu egusentian, Lizarraldera salto egin aurretik. 

Bigarrenez, apirilaren 6an, ostegunean, sartuko da Korrika Araban, eguerdi aldera, Artziniegatik. Hirugarrenez, apirilaren 7an izango dugu gure artean, Etxaguenetik agertuko da eta Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz zeharkatuko ostean, Aiarara itzuliko da, berriz. Hurrengo egunean, apirilaren 8an, Korrika berriro Araban sartuko da, oraingo honetan, Arrazua-Ubarrundiatik, Lautadarantz joango dira lasterkariak eta bertatik Sakanara abitatuko dira, Iruñera hurbiltzen joateko asmoz.

Araba, protagonista

Hiru bider hasi da Korrika Araban, eta birritan bukatu da herrialdean. Gasteizen hasi zen Korrikaren 7. edizioa, 1991eko martxoaren 15ean, Baionan bukatzeko hilaren 24ean, 2.100 kilometrotako ibilbidea bete eta gero. Lehen kilometroa Abel Enbeita bertsolariak egin zuen. Korrikarekin batera ehunka kultur eta kirol ekitaldi antolatu ziren zazpi herrialdeetan, Korrika Kulturalaren hazia jarriz. Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria leloa aukeratu zuten.

Cuerda alkatea lekukoa jasotzen, 1991ean, Josu Huerta preso ohiaren eskutik. MANU ARAKAMA

Korrikaren amaieraren une bitxiena Araba pabiloian jazo zen. Baskonia eta Bartzelona saskibaloi taldeen partidaren atsedena aprobetxatuz Korrikaren lekukoaren kopia bat sartu zen kantxara eta bertan buelta batzuk eman zituen, zaleen txalo zaparradaren artean.Hurrengo Korrikan, Baskonia eta Forum taldeen arteko partidan anekdota berdina errepikatu zuten saskibaloizaleek.

1995ean egin zen Korrika 9, martxoaren 17tik 26ra, Donibane Garazin hasi eta Gasteizen bukatu zena, 2.150 kilometro egin ondoren. Mikel Laboa kantari donostiarra omendu zuen bederatzigarrenak, eta omenaldi gisa Gasteizko Principal antzokian kontzertua antolatu zuen AEK-k Korrikaren amaieraren biharamunean. Halaber, bere biografia biltzen duen liburua argitaratu zuten AEK-k eta Elkarrek, Pello Urzelaik egina. Azken kilometroan ere parte hartu zuen Laboak, jendez gainezka zegoen Andre Mari Zuriaren plazara lekukoa sartuta. 

Lehen aldiz, lehendakariaren esku

Korrika 12, 2001eko martxoaren 29an hasi zen Gasteizen, apirilaren 8an Baionan bukatzeko. Milaka lagun bildu zen Mundu bat euskarara bildu lelopean. Lehen kilometroa Alaves taldeko kapitain Antonio Karmonak eta Josu Sarriegik bete zuten, ondoren, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hartu zuen lekukoa EAEko Euskararen Aholku Batzordearen izenean. Korrika egin zuen lehen lehendakaria izan zen. 

Pedro Miguel Etxenike Hezkuntza sailburua, 1981. urtean, Gasteizen. SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA

16. Korrika 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era bitartean egin zen, Tuteratik Gasteizera 2.503 kilometro eginez, ordura arteko korrikarik luzeena. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira izan zen aukeratutako leloa. Pirritx eta Porrotx pailazoek irakurri zuten mezua Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Milaka lagun plazatik kanpo geratu ziren, jendez lepo zegoelako inguru guztia.

2011. urtean Korrika 17k bere ibilbideari ekin zion Trebiñun, apirilaren 7an, eta hil horren 17an Donostian bukatu zen. Urte horretan lema nagusia hauxe izan zen: Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari. Trebiñuko plaza lepo bete zuen lehen kilometroak egitera joandako jendetzak, nahiz eta Guardia Zibilak sarreretan jarritako kontrolek asko zaildu zuten herrira iristea. "Euskal Herrian gaudelako eta euskara maite dugulako" oihu eginez hartu zuen Trebiñuko Gutxisolo elkarteko Pilar Ansotegik Korrika 17ren lekukoa, eta lehen kilometroa egin zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide