2017ko Arabako Bertsolari Txapelketa irudikatzen hasi ginenean, bertsoari eman nahi genion garrantzia, bertsoa jarri nahi genuen jomugan. Baina zer da bertso saio bat oinarrian dagoen bertso eskolen sarerik gabe? Horretan hausnartuz eman genion irudia txapelketari.
Halaber, sare bat ez da amaraun bat soilik, bertsogintza irudikatzeko modu bat besterik ez da.
Izan zitekeen ohe elastiko bat, ehunka hariz ehundutakoa, non bertsolaria kulunkatu egiten den, salto egiten duen, eta gorenera iristen den, berriz ere erori eta altuago salto egiteko, autosuperatzeko.
Izan zitekeen atomoz osatutako kristal-sare bat, non euren arteko kohesio indarrek mineral egitura sendo bat eratzen duten, eta mineral horiek arroka bat osatuko duten: bertsozaleak, bertso eskolak eta bertsogintza.
Izan zitekeen kate bat, bizikletaren transmisio katea kasu, non antolatzaile, entzule, bazkide, bertsolari, epaile eta gai jartzaile bakoitzak makineria martxan jartzen dugun. Gurera mugatu ordez, besteengana heltzea dugu helmuga.
Oharkabean harreman sare hori osatzen dugun hari bat askatuz gero, atomo bakarra disoziatuko balitz, katebegiak hautsiko balira, makineriak funtzionatzeari utziko lioke, herren ibiliko litzateke. Horregatik da ezinbesteko Txapelketa. Txapelketak transmititu egiten du, indarra ematen digu, kohesionatu egiten gaitu eta nor garen gogorarazten digu katebegi bakoitzari.