Ezinegona sortu du Arkamu-Gibillo-Arrastaria babesgunearen izendapenak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko mar. 23a, 12:56

Olvedo mendia, Ginea herriaren gainean. PHOT.OK

Arkamu-Gibillo-Arrastaria Kontserbazio Bereziko Eremuaren deklarazioa "isilpean" egin dela salatu dute bizilagunek, eta parte hartzeko aukera exijitu dute.

 

Arabako Batzar Nagusiek Aldundiari exijitu diote berehala bildu daitezela Arkamu-Gibillo-Arrastaria eremuko bizilagunekin, eragile sozialekin eta kontzejuekin. 

Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zuen zonalde hori 2015. urtean, eta Aldundiak eremua kudeatzeko zuzentaraua onartu du 2016ko urrian; inguruko herritarrek salatu dute "isilpean" burutu dutela prozesu osoa, eta ez dituztela haien beharrak eta iritziak kontuan hartu. Hartara, foru zuzentaraua bertan behera uzteko eskatu dute Batzar Nagusietan bertan.

EH Bildu, PP, Irabazi eta Podemosen botoekin Batzar Nagusiek mozio bat onartu berri dute Aldundiak prozesu parte-hartzaile bat abiatu dezan eskatzeko. "Inguruko toki-entitateen eta eragileen beharrizanak eta iradokizunak jasotzeko, eta behar diren neurriak hartzeko eta inguruari eragingo dioten jarraibideen eta neurrien dokumentuan jasotzeko". Gainera, exijitu diote bermatu dezala inplikatutako gizarte eragile guztien "parte-hartze erreala" ezartzen diren jarraibide eta kudeaketa plan guztietan.

Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ZEC) barruan Añanako hiru udalerrietako –Kuartango, Erriberagoitia eta Gaubea–, Gorbeialdeko Urkabustaizko eta Aiaraldeko Amurrioko hainbat herri eta lur zein baso sartzen dira. Salatu dutenez, ez dute haien errealitatea kontuan hartu, eta ganaduzaleak baztertu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago