Tokiko Gobernu Batzarrak 2017an merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako enpresa txikiak ezarri eta berritzeko laguntza ekonomikoak emateko deialdiak onetsi ditu.
Berritasun gisa, diru-laguntza jaso dezakeen beste jarduera bat erantsi da: aretoaren kalifikazio energetikoa lortzeak sortutako gastuak. Gainera, eskabideak balioesteko hiru irizpide berri hartuko dira kontuan: B mailako edo goragoko energia-ziurtagiria, irisgarritasun hobekuntza integralak egitea, eta Bai Euskarari ziurtagiria egiaztatzea.
“Ekiteko bokazioa duen tokiko ostalaritza eta merkataritzari laguntzen diegu, etengabe hobetzeko eta dauden ingurua dinamizatzeko gogoa duten sektorea. Gainera, aurten aurrera egingo dugu Gasteiz bezalako hiri batentzat funtsezkoak diren hiru alderditan: merkataritza-jardueraren iraunkortasuna, establezimenduak dibertsitate funtzionalera egokitzea, eta euskararen erabilera sustatzea. Sektoreak nahitaez zerbitzu modernoagoa eta kalitate handiagokoa eman behar du etorkizunik izatekotan, eta horixe da laguntza ekonomiko hauen helburua”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Laguntza horietarako 250.000 euro jarri da —kopurua handitzeko aukerarekin—. Horretaz gain, sektoreko jarduera pizteko balio dezaketen hiriko ekitaldiak garatzeko ahalegina egiten ari da Udala, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren bitartez. “Saskibaloiko Errege Kopa, berriki egindako Miniature biltzarra edo laster egitekoa den Wine Berria jaia dira ahalegin horren hiru adibide, Gasteizen hiri aktibo eta dinamikoaren profila indartzeko, merkataritza eta ostalaritzari mesedegarri zaizkien sinergiak sortuz”, azpimarratu du Urtaranek.
Xehetasun gehiagorako: Vitoria-Gasteiz
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.