Gasteizko Udalak merkataritza eta ostalaritzarako ematen diren laguntzetan irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta euskararen erabilera hartuko dira kontuan

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko mar. 20a, 12:55

Tokiko Gobernu Batzarrak 2017an merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako enpresa txikiak ezarri eta berritzeko laguntza ekonomikoak emateko deialdiak onetsi ditu. Aretoak egokitu, berritu eta handitzeko, establezimendua hobetzeko edo establezimenduaren jarduera edo eraberritze proiektuak kontratatzeko egindako inbertsioak lagunduko dira diruz.

Berritasun gisa, diru-laguntza jaso dezakeen beste jarduera bat erantsi da: aretoaren  kalifikazio energetikoa lortzeak sortutako gastuak. Gainera, eskabideak balioesteko hiru irizpide berri hartuko dira kontuan: B mailako edo goragoko energia-ziurtagiria, irisgarritasun hobekuntza integralak egitea, eta Bai Euskarari ziurtagiria egiaztatzea.

“Ekiteko bokazioa duen tokiko ostalaritza eta merkataritzari laguntzen diegu, etengabe hobetzeko eta dauden ingurua dinamizatzeko gogoa duten sektorea. Gainera, aurten aurrera egingo dugu Gasteiz bezalako hiri batentzat funtsezkoak diren hiru alderditan: merkataritza-jardueraren iraunkortasuna, establezimenduak dibertsitate funtzionalera egokitzea, eta euskararen erabilera sustatzea. Sektoreak nahitaez zerbitzu modernoagoa eta kalitate handiagokoa eman behar du etorkizunik izatekotan, eta horixe da laguntza ekonomiko hauen helburua”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Laguntza horietarako 250.000 euro jarri da —kopurua handitzeko aukerarekin—. Horretaz gain, sektoreko jarduera pizteko balio dezaketen hiriko ekitaldiak garatzeko ahalegina egiten ari da Udala, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren bitartez. “Saskibaloiko Errege Kopa, berriki egindako Miniature biltzarra edo laster egitekoa den Wine Berria jaia dira ahalegin horren hiru adibide, Gasteizen hiri aktibo eta dinamikoaren profila indartzeko, merkataritza eta ostalaritzari mesedegarri zaizkien sinergiak sortuz”, azpimarratu du Urtaranek.

Deialdiak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean hasiko da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako enpresa txikiak ezarri eta berritzeko laguntza ekonomikoak eskatzeko epea. Ondoren, 30 egun naturaleko epea izango da.

Ekintzaileentzako bekak

Era berean, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017rako Ekintzaileentzako Beken deialdia onetsi du, zeinaren helburua baita ekintzaileen kultura sustatzea, eta enpresa-ideia bat landu nahi duten pertsonei laguntzea proiektua garatzen lagunduz.

Orotara 70.000 euroko aurrekontua dute diru-laguntzek, eta horietako bat eskuratu ahal izateko betekizun nagusia da Gasteizko udalerrian enpresa bat sortzeko ekimena garatzen ari izatea.  Alderdi hauek balioetsiko dira: enpresa kudeaketaren inguruko prestakuntza, jardueraren inguruko esperientzia, aurkeztutako proiektuaren kalitatea, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, eta Interes-maila, ekonomi sustapenari dagokionez.

Ekintzaileentzako Beken lehen aldirako  eskabideak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratzen denean hasiko da, eta 2017ko ekainaren 15ean amaituko. Bigarrena ekainaren 16tik irailaren 29ra artekoa izango da.


Iturria: Vitoria-Gasteiz

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago