Dena prest Gasteizko Jazzaldirako

Erredakzioa 2017ko uzt. 11a, 18:56

Uztailaren 15ean izango da Ruben Blades. / Alea

Asteartean hasi eta larunbatera arte luzatuko da Gasteizko Jazzaldiaren 41.edizioa.

Dena prest dago aurtengo Gasteizko Jazzaldirako. 41.edizio honen hitzordu bereziena Ruben Bladesen agur biraren lehenengo kontzertua izango da. Hala, uztailaren 15ekoa gau berezia izango da musikari panamarraren kontzertuarekin, ia bost hamarkadako musika ibilbideari agur esango baitio, politika eta produkziora dedikatzeko.

1970an abeslari eta konpositore bezala debuta egin zuenetik ibilbide oparoa egin du Bladesek. 14 Grammy irabazi, 25 disko baino gehiago grabatu eta 35 filmetan parte hartu du; gaur egun, “Fear of The Walking Dead” serie ospetsuan ari da.

Kontzertu horren aurretik, gau historikoa susmatzen dena izango da Woman To Woman proiektuarekin, gaur egungo jazz musikari onenetakoak elkartuta. Zazpi emakume elkartuko ditu taula gainean: Renee Rosnes, Noriko Ueda, Allison Miller, Ingrid Jensen, Anat Cohen, Melissa Aldana eta Cecile McLorin.

Gospela, hasteko 

Jazzaldiak aurtengo edizioari ohiko gospel gauarekin emango dio hasiera, uztailaren 11n. Musika tradizional honen talde onenetako bat oraingoan: Chicagotik helduko den The Brown Sisters.

Gitarrazaleek hitzordu bikaina dute asteazkenean, uztailaren 12an. Gitarra-jole askorentzat erreferente den Robben Ford-ek gau-jaia irekiko du bluesa jazzarekin eta rockarekin konbinatzen duen soinu bereizgarriarekin. Sei soketako beste handi batek jarraituko dio: Larry Carlton-ek, lau Grammy sarien jabea, denbora guztietako gitarra-jotzaile hoberenetakoa.

Aurten, bestalde, jazzaren historiaren bi izen handiren jaiotzaren mendeurrena da eta Jazzaldiak tributua eskainiko die. Lehen omenaldia uztailaren 13an izango da, Thelonious Monk-i eskainitako gauean. Lehen saioan, 1982an zendutako musikari bikainaren abestiak jo edo grabatu dituzten lau pianista aparteko izango dira: Kenny Barron, Cyrus Chestnut, Benny Green eta Eric Reed. Eta bigarrenean, omenaldi onena egin diezaiokeena: bere semea, TS Monk.

Ella Fitzgerald  da aurten gogoratuko duten beste izarra. Zuzenean Jazzaldiaren seigarrenean eta zazpigarren edizioetan (1982 eta 1983) ikusi ahal izan zuten zaleek bere kantak gogoratuko dituzte. Oraingoan, Patti Austin-ek gogoratuko ditu, uztailaren 14ean; New Yorkeko abeslariak “For Ella” diskoa grabatu zuen. Jean Luc Ponty, Bireil Lagrene eta Kyle Eastwood batuko zaizkio ostiralean.

Musikari gazteen proposamen hoberenak, gainera, berriro batuko ditu XXI. mendeko Jazz atalak. Hasier Oleagak irekiko du atala, Jorge Rossy musikari katalanarekin Konexioa osatzen. Hurrengo egunean, Wynton Marsalis-en gomendio bat ere izango da bertan: Joel Ross bibrafonista, Raynald Colom-en laukotearekin. Linda Oh kontrabaxu joleaz eta Theo Croker tronpeta-joleez gozatzeko aukera ere izango dute musikazaleek saio hauetan.

Sarrerak

Sarrerak eta abonamenduak erosteko: Gasteizko Jazz jaialdia

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago