Martxoaren 9tik 19ra EuskoKarabanak Ipar Euskal Herria zeharkatuko du. Euskal Moneta elkarteak egitasmoari buruzko informazioa eskaintzeko hainbat herritan geldialdiak eginen ditu. Martxoaren 9an Kanalduderekin batera antolatutako gaualdi batek hasiera eman dio ibilbideari. Gaur, Kanboko merkatuan egon da.
Euskal Monetak numerikora salto egin du. Urtarrilean Euskokarta ordainketa txartelaren aurkezpena egin zuen elkarteak. Aitzina pausu honi esker, kide bakoitzak Eusko kontu bat ukanen du elkarteak berak kudeatuko duen sistema batean. Euskokartaren bidez erosketak egiten ahalko dira Interneten zein Eusko komertzioetan ere. Martxoaren 19tik aitzina erabilgarria izanen da.
Proiektua burutzeko beharrezkoa den tresneria finantzatzeko Crowfunding kanpaina bat abiatu du. Elkarteak 30.000 euro bildu nahi ditu. "Denen sostenguaren beharra dugu, diru-ekarpen bakoitza garrantzitsua da", erantsi du elkarteak. Finantzaketa parte hartzailean ekarpena egin daiteke hemen.
Bi urtez landu duen proiektuaren berri emanen du EuskoKarabanak. Kanboko merkatua bisitatu ondoren, gauean, Atharratzeko Plellenian gaualdi bat antolatuko du Mixel Etxekoparrekin. Asteburuan, Maule eta Ziburuko merkatuetan egonen da, goizetan. Azken egunean, hots, martxoaren 19an, karabana Baionan antolatuko duen Eusko Egunera ailegatuko da.
Ondorengo egunetako ibilbidea:
Martxoaren 13an: 20 :00tan Urruñako Itsas Mendi zineman, Manuel Poutten "Une douce révolte" filmaren proiekzio eta topaketa.
Martxoaren 14an: Ezpeletan, 18:30tatik goiti, Patronage gelan: Antzerkia eta haurrentzako euskal kontuak Elekarekin. Sartzea urririk
Martxoaren 15ean: Goizean Ezpeletako merkatuan egonen da. Arratsaldean, 19:00etatik goiti, Donapaleun, Forail plazan. Poteoa antolatuko du Forail ostatua eta l’Hôtel de la Paixren artean.
Martxoaren 16an: Biarritzeko Portu Zaharrean, 19:00tatik 21:00ak arte, poteo alaitua Kostaldeak taldearekin Miguel ostatuan, Port-Vieux plazan.
Martxoaren 17an: Goizean Donibane Lohizuneko merkatuan egonen da. Arratsaldean, 19:00etatik aitzina, Saran: Saint-Patrick Gauaren kari, musika irlandesen kontzertua eskainiko du herriko etxeko Edantegian, EuskoKarabanaren presentziarekin!
Martxoaren 18an: Goizean Hendaiako hondartzaren auzoko merkatuan egonen da.
Kanaldudek Euskal Monetari buruz eskaini duen zuzeneko emisioa:
Iturria: Kazeta.eus (Naiz)
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.