Euskal hedabideen kartografia: enpresen erradiografia

Behategia.eus 2017ko mar. 9a, 09:33
Euskal Hedabideak datuetan, BEHATEGIA

Behategiak, euskal hedabideek bizi duten errealitatea aurkezteko asmoz, sektoreko enpresen azterketa egin du. Egindako lanetik, hedabideen egungo egoera ezagutzeko datuak aurkeztu dituzte.

Hekimeneko 57 enpresek 530 zuzeneko lanpostu sortzen dute. Zuzenean kontratatutako langileez gain, kolaboratzaile, freelance eta boluntarioak ere badituzte hedabideok: 600 kolaboratzaile inguru, gehienak aldizkari eta egunkarietan, eta 1.000 boluntariotik gora, gehienak tokiko hedabideetan.

Langileen erdia baino gehiago, ia hamarretik sei, emakumezkoak dira (%58,3). Baina aldeak daude hedabideen izaeraren arabera:hedabide nazionaletan gehiago dira gizonezkoak (%51), eta desoreka nabarmenagoa da tokikoetan, non emakumeak %62 diren. Langileen jarduera arloa aztertuta, hona generoaren araberako euskal hedabideen argazkia:

 

 

Halaber, generoaren araberako lan banaketak sektorearen argazki desorekatuagoa dakarkigu: gizonezko gehiago ari dira egun osoko lanaldian eta, aldiz, emakumezkoak dira gehiengoa lanaldi partzialean. Kolaboratzaileak eta freelance-ek gizonezko aurpegia dute eta boluntarioek emakumezkoa.

 

 

Bestalde, hiru lanpostutatik bi inguru (%68,1) kazetaritza eta produkzio lanekin zerikusia dutenak dira; gainerako gehienak, kudeaketa eta funtzionamendu orokorrari lotuak (%15,6) edo komertzial lanetan ari dira (%10,9). Hemen ere badira aldaketak, euskarrien arabera.Nazionaletan gehiago dira produkzioan ari direnak, lautik hiru langile, eta tokikoetan, berriz, %63,5.

Euskal hedabideen aurrekontua

Urtean 23,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute Hekimeneko hedabideek; gastu horren erdia baino gehiago egunkariek (%35,1, 8,3 milioi euro) dute, eta tokiko aldizkariek kudeatzen dute %21,9: 5,1 milioi euro. Aldizkariei (%14,3, 3,4 milioi euro) eta tokiko telebistei (%12, 2,8 milioi) dagokie aurrekontuaren laurdena.

Gastuaren %61,4 ekoizpen gastuetan joaten da. Kudeaketarako doan aurrekontuaren portzentajea, aldiz, %16,9koa da (hedabide nazionaletan, berriz, %6,5 baino ez da, ohikotik oso behera). Gainerako gastua banaketari (%10,4), sustapenari (%7,7) edota garapenari (%1,9) dagokio.

Diru-iturriak eta finantzaketa

Urtean 22 milioi euro inguruko diru-iturriak dituzte Hekimeneko hedabideek; horietatik %61,2 dira diru-iturri propioak eta %38,8 diru-iturri publikoak.

Diru laguntzen pisua nabarmen altuagoa da irratien sarreretan (%60,3), tokiko internet atarietan (%48,0), internet atari espezializatuetan(%49,5) eta tokiko aldizkari (%45,2) eta bestelako aldizkarietan ere (%44,3).

Beraz, oro har, autofinantzazioa %61,2 da Hekimeneko hedabideetan, eta portzentaje hori %70era iristen da hedabide nazionalen kasuan.

Iturri propioei dagokienez, harpidetzak dira diru iturri nagusia sektorean, %39,1. Publizitate pribatua %27,6 da, eta publizitate publikoa, berriz, ez da %10era iristen. Hemen ere, aldaketa esanguratsuak dira izaera eta euskarriaren arabera. Hedabide tematiko eta nazionaletan, harpidetzetatik jasotzen den diru kopurua handiagoa da beste sektoreetan baino, %61 eta %56 hurrenez hurren, eta tokikoetan publizitate pribatua da diru iturririk garrantzitsuena: %40.

Diru iturri publikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritza da diru laguntzaile handiena, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) bidez laguntzen %52,1 banatzen baitu. Atzetik datoz udalak, ekarpen publikoaren laurdena egiten dutenak (%24,2) eta, ondoren, Foru Aldundiak %15,8. Hedabide nazionalen kasuan, HPSrena da ekarpen ia bakarra, %94, baina tokikoen kasuan, udalak dira finantzatzaile nagusienak, ekarpenen %40 egiten baitute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide