Erabilitako olioa baliabide eta ekarpen bilakatzen du Ekoliok

Ekoliok, gipuzkoarren olioaren birziklapenerako sorturiko proiektuak, sukaldetan erabilitako olio zikina jaso, garbitu eta biodiesela egiteko erabili dadin saltzen du. Bai Euskarari Ziurtagiridunek, etekinen logikatik at eta ekonomia zirkularraren filosofiari jarraituz, fakturazioaren zati bat gizarteari itzultzen diote.

Naiz-ek Zarautzeko enpresak garatzen duen lanari buruzko erreportaia landu du, non Ekolioren misio, prozesu eta gizarteari egiten dioten ekarpena oso argi ulertarazten diren.

Hona hemen erreportaiaren aurrerapen bat:

 

Maitane Aldanondo / Naiz

Hondakinak baliabide bilakatzen ditu Zarautzen kokatutako Ekolio enpresak. Ostalaritzako negozioak batzen dituen HORECA kateko sukaldeetatik erabilitako olioa jasotzen dute biodiesela egiteko. Lau bazkideen ustez, ordea, elkarte mugatu hau enpresa arrunt bat baino gehiago da; «proiektu ekosoziokulturala». Horregatik, olio «garbitua» saltzetik lortzen duten zati bat hirigintzarako erabiltzea dute asmo.

Ibilbide laburra badu ere, hainbat moldaketa egin dizkiote jada enpresari. Kideetako batek aspalditik zuen olio birziklapenaren inguruan jarduteko ideia eta probak egiten hasi zen. Lehenik eta behin, jasotzekotan olioa berari emateko prest egongo liratekeen galdegin zien lagun eta ezagunei Zarautzen eta inguruetan. Ondoren, 2013an, lagun bat batu zitzaion eta elkarte mugatua eratu zuten; 2015en, berriz, beste bi lagun batu zitzaizkien. Lau bazkideetako hiruk beste lan bat ere badute, alegia, bakarrak dihardu buru-belarri Ekolion. Horrez gain, bi langile ere badituzte. Langileok kontratatu eta enpresa martxan jartzeko laguntzetara jo dute. «Zarautzekoak, Mankomunitatekoak eta Jaurlaritzakoak», azaldu du Haimar Arozenak.

Olioa birziklatzea da Ekolioren zeregina. 25 edo 50 kiloko edukiontzietan eramaten dute Abendaño industriaguneko lantegira. Garbitzeko lehenik iragazi egiten dute, olioan dauden askotariko hondakinak kenduz. «Teorian olioa jasotzen dugu, praktikan, ahozapiak, kortxoak, janari puskak, sardexkak, labanak…», argitu du Arozenak barre artean. Ondoren andeletan sartuta dekantatu egiten dute, hau da, ura eta olioa bereizi egiten da dentsitatean duten aldeagatik. Garbitutako olio kopuru bat lortzean, findegi bati saltzen diote biodiesela egiteko. Ura, aldiz, hondakin kudeatzaile batek jasotzen du.

Bilketa erraztu eta eraginkorrago egite aldera, bilketa edukiontzietarako iragazki bat diseinatu dute herriko Oteiza eskolarekin elkarlanean eta Ihobe Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak nahiz Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagunduta. Horri esker, olioa garbiago helduko zaie, prozedura azkartuz eta energia aurreztuz. Halaber, bidoi bakoitza betetzeko denbora luzatzean, gutxiagotan jaso beharko dute, gasolina eta kutsadura murriztuz. Prototipoa probatzen ari dira uneotan eta espero dute 2018rako prest izatea.

Jarraitu irakurtzen

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago