Emakumeek lanbide ezberdinetan izan duten presentzia islatzea, eta bide batez Arabako garapen ekonomikoan, sektore guztietan, industrian, nekazaritzan edo merkataritzan, emakumezkoek izan duten garrantzia balorean jartzea. Helburu horiekin osatu dute Arabako emakumeak lanean, 1890-2000 argazki-erakusketa. Gaur inauguratu dute Oihaneder Euskararen Etxean, eta apirilaren 2ra arte ikusgai egongo da.
Historia garaikidean doktorea den Aritza Saenz del Castilloren asmo batetik abiatu da ekimena. 1950 eta 1975 urteen artean Gasteizko emakumeek hiriko lan merkatuan izan zuten partaidetza aztertu du Saenz del Castillok, eta Las damas de hierro liburuan bildu ditu ikerketaren ondorioak. Iragan urtean argitaratu zuen lan hori. "Liburua argitaratu zenean konturatu nintzen publiko zabalera iristeko arazoak zirela, eta behin irakurrita ere jendeak ez zuela ulertzen; nire amak esan zuen moduan, aspergarria zen".
Oihaneder Euskararen Etxeko Iker Duranarekin harremanetan jarri zen ikertzailea liburuaren edukiak zabaltzeko asmoarekin, eta bien artean osatu dute argazki-erakusketa. Irudietan jaso dituzte emakumeen ogibide adierazgarrienak, XIX. mendean Gasteizen lehen industrializazioa eman zenetik eta XX. mendearen amaierara.
Duranak azaldu du aukeraketa kronologikoaren zergatia: "Emakumeak lanean jasotzen dituzten XIX. mendeko argazki gutxi daudela ikusi genuen, Gasteizko artxiboekin harremanetan jarri ginenean. Hortaz, kronologia mugatzea erabaki genuen, XIX. mendearen amaieratik lau argazki atera ditugu, eta XX. mende osoa hamarkadaka banatu dugu". Hartara, lau garai banatu dituzte erakusketan: Borboien Berrezarpena, II. Errepublika, Frankismoa, eta Trantsizioa eta demokrazia.
Erakusketak jasotzen duen bezala, XIX. mende amaierako protagonista nagusiak neskameak dira. "Penintsulan neskameen ehuneko handiena dituen seigarren hiriburua Gasteiz da, oso famatua izan zen garai horretan neskameen kopuruagatik. Oso txikia zen Gasteiz eta neskameen kopurua oso altua zen, neska gazte asko zeuden elizgizonen etxeetan, militarren eta funtzionarioen etxeetan... Askotan esan dugu Gasteiz apaizen eta militarren hiria zela, baina esan behar da neskameak militarrak baino gehiago zirela", nabarmendu du Saenz del Castillok.
Nekazaritzan, ezinbestekoak
Gasteiz herri txiki bat zen garai haietan, eta lotura handia zuen hiriburuak inguruko herriekin. Nekazaritza munduan emakumeek izan duten garrantzia jasotzen dute irudiek. "Sarritan historiografiak ez du haien garrantzia aitortu, eta beti planteatu du nekazaritzan gizonak ibili zirela lanean gehien bat, baina argazkien bidez oso ondo erretratatu egiten da emakumeek era berean lan egiten zutela. Arabako landa eremuaren ustiaketa familiak egiten zuen, ez ziren kanpoko langileak etortzen, eta beharrezkoa zen emakumezkoen lana".
XX. mendetik aurrera hasi ziren hainbat industria sortzen, eta emakumeek ezinbesteko rola jokatu zuten, esate baterako, Fournier karta fabrikan, non "oso ospetsuak ziren, eta oso lan estimatua egiten zuten", edo zakuen lantegietan. Saenz del Castillok kontatu duenez, "jostunak ere oso garrantzitsuak ziren, eta horren erakusgarri da XX. mendearen bigarren hamarkadan lanbide horretako talde sindikalen sorrera".
Magisteritza eskola
Industriaren arloan ez ezik lan munduko beste espazioetan ere emakumeen protagonismoa erabakigarria izan da. Hala, XIX. mendearen erdialdetik aurrera Magisteritza Eskola sortu zen Gasteizen, eta berehala bilakatu zen hori emakumeen lanbide nagusietako bat. "Hainbat argazki ditugu hori erakusten dutela".
Lan munduan gaurko emakumeek pairatzen dituzten diskriminazioak XIX. mendean ere ikus daitezke. Ikertzaileak aipatu duenez, "diskriminazioa zegoen eta oso garbi ikusten zen, lanpostuetan eta soldatetan, promoziorako aukera gutxiago zuten emakumezkoek; nahiz eta gizonek baino prestakuntza handiagoa izan eta lan esperientzia luzeagoa izan, gizonezkoen azpian geratzen ziren beti".
Emakumeak, fabriketan
Aipatu diskriminazio egoera frankismoarekin batera areagotu zen. "II. Errepublikan bizi izandako egoerarekin etendura ikaragarria ekarri zuen frankismoak, emakumeak etxera bueltatu behar izan zirelako, lanera". Haatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoerarekin alderatuta, Araban artean fabrika ugaritan emakumezkoen presentzia mantendu zuten. Herrialdeko lan munduaren bereizgarri bat da hori, Saenz del Castilloren ustez.
Trantsizio garaiko irudiek biribiltzen dute erakusketa. Garai horretan Arabako emakumeak frankismoaren debekuak urratzen hasi ziren, eta oso ikusgarria izan zen, esate baterako, funtzionario bezala edo lanbide liberaletan egin zuten aurrerapausua. "Feminismoaren bultzadak mugak hautsi zituen herrialdean, eta 80. hamarkadan, adibidez, lehen emakume udaltzaina hasi zen". Garai horretakoa da halaber Estatu mailan kutxa baten lehendakaritza lortu zuen lehen emakumea, Mercedes Villacian. Bere irudia jaso dute erakusketan, beste hainbat emakume ospetsuekin batera, Micaela Portilla, Maria Jesus Agirre edo Maritxu Goikoetxea, besteak beste.
Duranak eta Saenz del Castillok proiektua martxan jarri zutenean konturatu ziren agiritegietan funtsa "ikaragarriak" zituztela, eta emakumeen lanbideak oso ondo erretratatuta zeudela. Alta, zailtasunak topatu dituzte zenbait hamarkadako irudiak aurkitzeko.
Hala, XX. mendeko azken urteetan emakumeen presentzia lan munduan nabariagoa bada ere, garaiko irudiak bilatzea lan nekeza suertatu zaie. Oihanederreko Iker Duranak hala azaldu du: "Hamarkada batzuetan arazoak izan ditugu argazkiak aurkitzeko; XIX. mendeko gehienak kostunbristak dira, posatu egiten dute. XX. mendean errazagoa izan da, argazki asko daudelako, baina gezurra badirudi ere, 80. hamarkadan argazki gutxi ditugu agiritegietan, gehienak partikularrak direlako, beraz argazkilariekin hitz egin behar izan dugu eta asko kostatu zaigu lortzea".
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 96. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.