Omenaldia egingo diete 'Azazetako 16 hildakoei', 80. urteurrenean

Erredakzioa 2017ko mar. 1a, 12:43
Salbatzailearen hilerrian ehortzi zituzten berreskuratutako gorpuak

Arabako erakundeek ekitaldia antolatu dute, Azazetako mendatean, Mola jeneralaren aginduz, fusilatu zituzten 16 lagun gogoratzeko.

Mola jeneralak Gasteizera 1937. urteko martxoaren 27an egindako bisitan, Gasteizko lurralde espetxean atxilotuta zeuden 16 lagunak fusilatzeko agindua eman zuen. Fusilamendu horien bidez, herritarrak beldurtu eta altxatuen aurkako indar politikoei ohartarazpena bidali nahi izan zieten. Indar frankistek Bizkaiko frentearen kontra egin behar zuten erasoaren aurrekaria izan zen honakoa.

Martxoaren 31ko gauean Bake kaleko presondegian kartzelaratuta zeuden korronte ideologiko eta alderdi politiko desberdinetako ordezkariak aske uzteko keinua egin zuten. Irudikeria hori baliatuta, espetxearen kanpoaldean itxaron eta berriz ere atxilotu egin zituzten guardia zibilez, erreketez eta falangistez osaturiko talde batek.

Prest zeuzkaten bi ibilgailutan igoarazi zituzten atxilotuak eta Lizarrarako A-132 errepidea hartu zuen segizioak. Abiapuntutik 16 kilometrora egin zuten geldialdia, Azazeta mendatean. Legez kontra atxilotutakoak ibilgailuetatik jaitsarazi eta mendian gora eraman zituzten. Bide bazterretik 70-80 metrora fusilatu eta aldez aurretik zulatutako hobi batean erdi lurperatuta utzi zituzten "Azazetako 16en" gorpuak.

  • Teodoro González de Zarate, Gasteizko alkatea, Ezker Errepublikanoko afiliatua.
  • Francisco Díaz de Arcaya, tornularia, Gasteizko zinegotzia, PSOEko afiliatua.
  • José Luis Abaitua Pérez, EAJ-PNVko ABBko burukidea.
  • Víctor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea.
  • Eduardo Covo González, gasteiztarra, telegrafoetako langilea.
  • Jaime Conca Amorós, gasteiztar oliba biltzailea.
  • José Domingo Elorza San Vicente, gasteiztar margolaria, PSOEko afiliatua.
  • Constantino González Santamaría, gasteiztar bizargilea.
  • Francisco Garrido Sáez de Ugarte, doitzailea, Apinaizkoa, CNTko afiliatua.
  • Prisco Hermua Arrízola, gasteiztar jornalaria, CNTko afiliatua.
  • Antonio García Bengoetxea, gasteiztar mekanikoa.
  • Jesús Estrada Ábalos, mekanikoa eta PCEko afiliatua.
  • Daniel García de Albéniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTko nekazaria.
  • Manuel José Collel Aguilá, trenbideetako langile gasteiztarra, Batasun Errepublikanoko afiliatua.
  • Manuel Hernández Ibañez de Garaio, trenbideetako langile gasteiztarra.
  • Casimiro Cerrajería Zarranz, gasteiztar piroteknikaria, UGTko afiliatua.

Tokiko prentsak erailketa isiltzeko ahalegina egin bazuen ere, laster zabaldu zen sarraskiaren berri herritarren artean eta bazterrak astindu zituen. Harrezkero indar frankistek errepresio moduak zuritzeko saiakera egin zuten eta epaiketarik gabeko erailketen ordez, justizia militarrak gerra kontseilu bidez zigortutakoak, fusilamendu bidez erail zituzten.

1939an Pedro Anitua apaizak, Teodoro Gonzalez de Zarate, Jose Luis Abaitua, Jose Collell Aguila eta Manuel Hernandezen gorpuzkinak ezkutuan hobitik atera eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian lurperatu zituen. Beste 12 lagunen gorpuzkinak Salbatzailearen hilerrian lurperatuta daude, 1978an gorpuak berreskuratzeko egin zen lanaren ondoren.

Hildakoak oroitzeko egingo den ekitaldi honen bitartez, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek eta toki erakundeek, “Azazetako 16 hildakoen” sarraskia gogora ekartzeaz gain, diktadura frankistak Arabako Lurralde Historikoan eragindako biktima guztiak ere omendu nahi dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide