Aurreko ostiralean, otsailaren 24ean, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren urteko batzarrean parte hartu zuen, Bilboko Euskalduna jauregian. Bertan, 2016ko balantzea egin eta aurrera begirako bisioa partekatu genuen bazkideok.
Bai Euskarari Elkarteak 2017-2019 epealdian, orain arte finkatutako norabide berean segitzea proposatu du, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteari begira. Horri begirako ildoak berretsi dira: Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartu, ziurtagiria bera tresna modura sendotu, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izan, eta egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokienez, elkartea eraldatu.
Harro egoteko moduko ibilbidea da Bai Euskararirena, eta pozik egoteko modukoa da Bai Euskarari komunitatea osatzen duten Euskal Herri osoko milaka entitatek urte hauetan eragin dutena. Alor sozioekonomikoaren espazioetan euskalduntzearen eragiteari begirako proiektuak lantzen eta sortzen ari gara: Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean – Enpresa eta profesionalen sarea, Lansarean lan-ataria, Lazarraga Sariak eta “Lanabes – Araban Euskara Lanean” proiektua.
Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.