Lanbide Heziketan, euskarak baditu iparrak

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko ots. 27a, 09:51

Gaurkoan asteburuan berria egunkarian argitaraturiko albistea partekatu nahi dugu, euskararen sustapen eta hedapenaren alde elkarlanean egindako ekimenak azaltzen dituen erreportaia. Proiektu horien artean kokatzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, Lanabes edo-eta Lazarraga Sariak egitasmoekin, beste batzuekin batera, hizkuntzaren presentzia arlo sozioekonomikoan indartzeko pausoak ematen.

 

2017-02-25 / Jon Rejado

Lanbide Heziketa euskaraz egiten duten ikasleen kopurua bikoiztu egin da hamar urtean. Hala eta guztiz ere, euskarak presentzia urria du oraindik: hamar ikasletik hiru baino ez dira B eta D ereduetan ikasten ari Hego Euskal Herrian. Areago, euskaraz ikasten duten horien erdiek baino gutxiagok hizkuntza berean egiten dute lantokiko prestakuntza. Hamarkada batean egoera hobetu bada ere, Lanbide Heziketan euskara bidearen hasieran dago. Zorionez, badaude aitzindari lana egiten ari diren dozenaka egitasmo.

Sektore gehienetan sortu dira proiektuak: hezkuntza eragileak, ikastetxeak, enpresa mundua, eskualdeetako eragileak... Batzuek hamarkadetako historia dute atzean; beste batzuk bidearen hastapenetan daude; eta bakarren bat desagertu egin da jadanik. Ordea, guztiek erakutsi dute ekimena izanda badaudela moduak Lanbide Heziketan euskararen presentzia handitzeko.
 

DON BOSCO - OARSOALDEA

Eskualdeko apustua

Euskarazko LHri eskualdeko dimentsioa eman diote Don Bosco lanbide heziketako institutuak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak (Gipuzkoa). 2001ean, eskaintza akademikoan jarri zuten arreta, euskaraz izan zedin; 2006an, lerro guztiak A eta D ereduetan eskaini zituzten. Joxe Luix Agirretxe Oarsoaldeko Euskara Departamentuko arduradunak oroitu du hura hasiera baino ez zela izan. «Eskaintza egon arren, zoritxarrez, ikasle askok, euskaldunak izanagatik ere, A ereduan ematen zuten izena; matrikulazioetan plangintza egin zen, euskarazko eredua hauta zezaten». 

2009tik, lantokiko prestakuntzan jarri zuten arreta. «Konturatu ginen hori zela arautu gabe eta nagusiki erdaraz egiten zen prestaketa bat; zuzendu beharrekotzat jo genuen». Probako saioak hasi zituzten orduan. Carlos Lopez Don Boscoko lan poltsa eta lan prestakuntzako koordinatzaileak azaldu du enpresa batzuekin harremanak hasi zituztela; lau ardatzeko konpromisoa eskatu zieten: lantokiko trebatzaileak euskaldunak izatea; ikasleei euskarazko harrera egitea lehenestea; ikasleek erabiliko zuten dokumentazioa euskaraz izaten saiatzea; eta ikasleen inguruko hizkuntza paisaia elebiduna izatea. «Enpresa gehienek egin gabe zeukaten lan hori, eta Don Boscok aukeratzen dituenekin hitzarmen bat egiten du Oarsoaldeak, lau ardatzak zuzenduz joateko». 
 

LANABES

Enpresa munduan eragin

Lanabes ekinbidea ezohiko ikuspuntu batetik lantzen ari da Lanbide Heziketa eta euskararen arteko harremana: enpresan jarri du arreta. Egitasmoa helburu zabalago batekin jaio zen, iragan urtean: Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko nahiarekin hasi zen lanean. Hainbat eragile bildu zituen: Arabako Foru Aldundia, SEA enpresarien elkartea, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbara, Merkataritza Federazioa, Bai Euskarari, Laneki, Electra Vitoria eta Oreka It. Enpresan eragiteko lehentasunen artean Lanbide Heziketa jarri zuten. 

Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari eta Lanabeseko kideak azaldu du, beste zenbait egitasmoren artean, enpresentzako gida bat ari direla prestatzen. Horren bitartez, LHko ikasleei lantokiko prestakuntza euskaraz emateko irizpideak eta laguntza eskaini nahi dute. «Ikastetxeek badute abiapuntu hori: Lanpres gida; baina enpresek ez dute halakorik». Lanabesek enpresa du jomugan, probako saio moduan.

Gutierrezek argitu du ez direla «asko» Araban euskaraz soilik lan egiten duten enpresak. Ordea, gaineratu du egon badaudela ikasleei lantokiko prestakuntza euskaraz eskaintzeko modua dutenak: Euskara Plana duten enpresak, tutore lana egin dezaketen langile euskaldunak dituztenak... «Zergatik ez harremanetan jarri euskara balia dezaketen horiek ikastetxeekin, formakuntza euskaraz izan dadin?».
 

CIUDAD JARDIN INSTITUTUA

Bi ildotako lana

Ikastetxeek izan ohi dute ekimen handiena euskara eta Lanbide Heziketa uztartzeko. Araban, hainbat eskola hasi dira bidea urratzen ahalegintzen. Horietako bat da Gasteizko Ciudad Jardin lanbide heziketako institutu publikoa; 2016an, Lazarraga saria jaso zuen, euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko egindako lanagatik.

Aintzane Arrese ikastetxeko zuzendariak azaldu du batetik ikasmateriala sortzeko ahalegina saritu zutela. Hain zuzen ere, materiala izan da premia nagusietako bat euskara Lanbide Heziketan zabaldu ahal izateko. Askotariko zikloak daude, eta, ondorioz, argitaletxeek ez dute errentagarritzat jotzen euskarazko argitalpenak egitea. Horri aurre egiteko, Laneki sortu zuten Ikaslan zentro publikoen sareek eta Hetelek; bertan, hainbat irakaslek beren materiala partekatzen dute. «Ciudad Jardinen lau irakasle ditugu euskarazko materiala sortzen, beste ikastetxeekin partekatzen, Lanekik zuzendu eta egokitu ondoren».

Bestetik, ahalegin berezia egiten dute hala nahi duten ikasleek lantokiko prestakuntza euskaraz egin dezaten. Ikastetxeak zenbait ziklo eskaintzen ditu euskaraz. Ordea, beste ziklo batzuetan ez da euskarazko talderik sortzen, ez dagoelako nahikoa ikasle euskaldun. Dena den, praktika aldia euskaraz egin dezaten saiatzen da ikastetxea, bai euskaraz ikasten ari diren ikasleek, bai euskaraz ikasi nahi izan arren aukera izan ez dutenek. «Ikasleak nahi badu, eta enpresak ahal badu, zergatik ez dugu horrela egingo?».
 

EKIN-BIZKARGI AUTOAK

Grina baten garapena

Ikastetxe eta ikasleen ekimenaz gain, enpresek zeresan handia dute Lanbide Heziketan euskara sustatzean; batez ere, lantokiko prestakuntzaren alorrean. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Ekin-Elkargi Autoak horren adibide da. Aurrez bazuten hizkuntzarekiko grina: 2008an, euskara plana abiarazi zuen. Dokumentu horretan hainbat alor xehatu zituzten: agiriak, hizkuntza paisaia... baita langile euskaldunak lehenestea ere. Neurri horrek, besteak beste, eragin zuzena izan du lantokiko prestakuntza egiten duten ikasleengan.

Itziar Muniategi enpresako langileak azaldu du harreman zuzena dutela Iurreta lanbide heziketako ikastetxearekin (Bizkaia), sortzen zaizkien beharrei erantzuteko ikasleak aurkitze aldera. «Behar dugun langile profilarekin jotzen dugu Iurreta Ikastetxera; haiek badakite hemen euskara oso garrantzitsua dela,eta ikasle euskaldunak bidaltzen dizkigute». Azaldu du askotarikoak direla behar dituzten langileen ezaugarriak: komertzialak, mekanikoak, administraziokoak...

Enpresan trebakuntza egiten duten ikasle horien ekarpena nabarmendu du. «Askoz freskoagoa dute euren arloko hiztegi teknikoa, besteak beste; horri esker, guk ere ikasten dugu, haiekin batera». Gaur egun, hiru dira Gernikako Renault eta Toyota marken zentroan lanean ari diren Iurretako ikasle ohiak, aurrez bertan praktikak egindakoak.
 

ANDIKO MOTOR

Bide naturala

Ioritz Odiagak eta Kepa Zaldibargerrikagoitia Bilbaok Lanbide Heziketari aitortzen zaion ezaugarrietako bat irudikatzen dute: ekintzailetza. LHko ikasketak amaitu, eta beren enpresa abiarazi dute, Andiko Motor, Gizaburuagan (Bizkaia); bide hori guztia euskaraz egin dute, gainera. Iurreta lanbide heziketako ikastetxe integralean Ibilgailuen Elektromekanika ikasi zuten, euskaraz; ikastetxe hori aitzindaria izan da Bizkaian zikloak euskaraz eskaintzean. Zaldibargerrikagoitiak iruzkindu du hautua erraza izan zela. «Bizi guztian euskaraz egin ditugu ikasketak; gure ama hizkuntza da, eta ez luke zentzurik aukera edukita beste hizkuntza batean ikastea». 

Enpresa abiarazterakoan ere zalantza gutxi izan zuten. «Garai batean, euskara gehigarri moduan har genezakeen, baina orain ezinbesteko bihurtu zaigu». Tailerraren egunerokoan funtsezko lanabesa da euskara. Bezero gehienak Lea-Artibai eta Busturialdeakoak dituzte, eta ondorioz horien arteko komunikazio ia guztia euskaraz dela azaldu dute. Halaber, gaineratu dute euskara dela lantegiaren barruko hizkuntza.
 

HEZKUNTEK

Eskualdeen artean zubiak

Seaskak euskarazko Lanbide Heziketari ateak irekiko dizkio, Bernat Etxepare lizeo berrian. Bordeleko Errektoretzak ahalbidetutako zikloak eskualdeko beharretara egokituko dituzte bertan: Merkataritza ikasketak, tokiko ekoizpenei eta laborantzari loturik; eta Gizarteratzea. Haur eskoletarako trebakuntza ere eskaini nahi dute. Edonola ere, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazteei Lanbide Heziketa euskaraz ikastea ahalbidetzen zien egitasmo bat sortu zuten 2004an: Hezkuntek. Eskualdeen arteko zubiak eraiki zituen, gainera.

Mixel Etxeberri Seaskako presidente ohiak oroitarazi du zailtasun handiak zeudela ziklo bakar bat ateratzeko. Batxilergoa euskaraz ikasten zutenen kopurua ez zen nahikoa lerro bat sortzeko. «Orotara, batxilergoko 40 ikasle euskaldun izango ziren ikasturteko, baina zaila zen horietatik hamar batek-edo ikasketa berberak egin nahi izatea». Egoerari irtenbidea bilatzeko, Ikaslan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LHko ikastetxe publikoen elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jarri ziren harremanetan. «Hezkuntek sortu genuen, iparraldeko ikasleek EAEn euskaraz ikas zezaten, gerora horiek sorterrian enpresak sortuko zituzten itxaropenarekin».

Zaila izan zuten egitasmoa garatzea: Lanbide Heziketa ez zen erakargarria, gutxik egiten zuten euskarazko ikasketen aldeko apustua... Edonola ere,ikasturteko dozena bat ikasle izatea lortu zuten. Zenbait hitzarmen sinatu zituzten proiektua aurrera ateratzeko; Kutxak ikasle horien oinarrizko gastuak ordaintzen laguntzea lortu zuten; ikastetxe publiko zein itunpekoek ere erraztasunak eman zituzten... Zazpi ikasturte inguru iraun zuen proiektuak. Zapore ona utzi zuen, behintzat: «Bertan izan ziren guztiek lana atzeman zuten; sorterrian gehienek».

 

Irakurri erreportaia hemen.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago