Herri inauteriak egingo dituzte datozen egunotan herri askotan

Mirian Biteri 2017ko ots. 24a, 10:18

Ilarduia, Egino eta Andoingo herri inauterien ostean, ate joka datoz aratusteak Agurainen, Urkabustaizen, Zalduondon eta Kanpezun.

Zalduondon, esaterako, igandean aterako da Markitos. Betiko moduan, goizean, kalerik kale ibiliko da inauterietako pertsonaia ezagunena, traje beltzez, gorbataz eta txapelaz jantzita, eta koloretako arrautzen lepokoa daramala. Gurdi baten gainean egingo du ibilbidea, errauts banatzailea eta kale garbitzailea, musikariak, gurasoak, porreroak, hartza, ardia eta beste hainbat pertsonaia alboan dituela. Kalez kale eraman ostean, ohitura denez, herri epaiketa egin eta erre egingo dute.

Urkabustaizen ere leku berezia dute aratusteek. Aurtengoak, gainera, gaztetxe berriaren inaugurazioarekin egingo dute bat. Ostiralean, 18:00etan, abiatuko dira kalejiran, buruhandi eta joaldunekin. Txokolatea hartu ostean, akelarrea egingo dute, eta gau partean, kontzertuak izango dira gaztetxean: Odolkiak, Beti TNT eta Tinko izango dira, besteak beste.

Agurainen, Porrero eta Sorgina
Agurainen ere ostiralean hasiko dira ospakizunak. Iluntzean, Porrero eta Sorginaren agurra dute, herriko musika bandak lagunduta. Larunbata arratsaldean, mozorro txapelketak eta dantzaldiak izango dira, eta igande eguerdian herri inauteriak ospatuko dituzte kaleetatik. Astearte-inauterian, Porrero eta Sorgina agurtuko dute berriro ere, musika eskolako ikasleekin.  

Kanpezun, azkenik, astearterako antolatu dute jaia eragileek eta udalak elkarlanean. Arratsaldean aterako dute Toribio, herriko gaitz guztien erruduna. Kalejira egin eta epaitu ostean,  errekara botako dute. Jarraian, tabernaz taberna ibiliko dira, eta eguna amaitzeko, herri afaria, bingoa eta karaokea dute.
Etxean gordeta dauden "trapu zaharrak" hartzeko eta parte hartzeko deia egin dute herri horietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago