Alarma piztu dute

Anakoz Amenabar 2017ko ots. 17a, 13:22

Hilaren 21erako mobilizazioa deitu dute osasun alorreko langileek. /E. U

Arabako osasun alorreko langileek Osakidetzaren kontrako erasoak salatu dituzte; interes pribatuen alde egin eta, ondorioz, osasun arretaren kalitatea jaitsi dela salatu dute, lanpostuak murriztu eta lan karga areagotuta.

 

"Alarma gorrian". Arabako osasun sistema halaxe dagoela salatu dute sindikatuetako ordezkariek. "Osakidetza esku pribatuetan uztea dute helburu, herritar guztientzat izan behar duten zerbitzu publikoak bakar batzuen interes merkantilisten menpe geratzeko", esan dute Txagorritxu aurrean egindako agerraldian. Larrialdi zerbitzuak dira, euren esanetan, adibide garbia, "bost ordu arteko itxaronaldiak baitaude bakoitzari dagokion gelara eraman aurretik".  

Egoera horren aurrean, mobilizatzera deitu dute sindikatuek, datorren astearterako, hilaren 21erako. ELA, Satse, LAB, CCOO, ESK, UGT eta SAE sindikatuetako langileak elkartuko dira Osakidetzak Gasteizko Olagibel kalean duen ordezkaritzaren aurrean. "Politika horiei aurre egiten ez badiegu, osasun publikoa galzorian izango da, berandu baino lehen".      

Orain dela zenbait aste osasun sistema publikoaren "kolapsoa" izan zen, eta Jon Darpon Osasun sailburuak horri erantzun zion esanez gripea "ustekabez" aurreratu egin zela eta horregatik izan zirela larrialdietako zerbitzuak gainezka. Langileen ordezkariek, ordea, sailburua herritarrak "nahastu" nahian dabilela salatu dute: "Ez da egia Gasteizko ospitaleetako larrialdi zerbitzuak kinka larrian egotea salbuespenezkoa denik. Hainbatetan salatu izan dugun bezala, arazo hori egiturazkoa da, ez baitago baliabide fisikorik, ezta giza baliabiderik ere, larrialdi-zerbitzuetara doazenak artatu ahal izateko". Orain dela zenbait aste gertaturikoa urte osoan zehar "sarri" errepikatzen dela nabarmendu dute, eta Arabako biztanleria eta inguruko eskualdeetakoa –Debagoiena eta Legutio ondoko Bizkaiko herriak– gehiago hazi da, Osakidetzak Arabari bideratzen dizkion baliabideak baino.

"Baliabide eskasak"

Gaur egun Txagorritxu ospitaleko larrialdi zerbitzuak 28 box dituela gogoratu dute,  "kopuru oso urria" euren esanetan. "Urteak dira zerbitzu horretako tamaina egokituko zela iragarri zutenetik, eta azkenean aurten hasiko dira obrak, antza. Hala ere, zalantza egiten dugu proiektu horren bidez arazoa konponduko ote den". 

"Pribatizaziorako" joerak kaltea baino ez dakarrela uste dute. Erabiltzaileek dagokien arreta jaso arte "itxaronaldi luzeak" egin behar dituztela esan dute, pasilloetan, txanda noiz helduko zain; eta ospitaleratu behar izatekotan, "bost ordu arte" zain egon izan direla salatu dute. "Osakidetzak zenbait garaitan ohe kopuru bat itxi egiten du, baina gero ustekabean ireki behar du berriro, bat-batean beharrezkoak direlako".

Egoera konpondu ahal izateko, "langile gehiago" behar direla uste dute sindikatuetako ordezkariek. Euren arabera, langile gutxi dago eta horregatik lan karga handiak eta "presio itzelak" jasan behar dituzte langileek.

Arabako Unibertsitate Ospitalea

Langileen ordezkariek uste dute arreta-kalitatea eta lan eskubideak murriztearen arrazoi nagusia  Arabako Unibertsitate Ospitatalearen Plana izan zela. "Plan horrek, arabarren osasun beharrizanak konpondu beharrean, Osakidetzaren gabeziak larriagotu egin ditu. Plan horren bidez hiriburuko kronikoen arloko bi ospitaleetatik bat kendu dute, Santiago ospitale ospetsua". Zerbitzu mediku eta kirurgiko osoa ematen zuen ospitaleak orain arteko eginkizunak alde batera utzi, eta epe ertainera egonaldi ertaineko ospitale bihurtuko dela uste dute. "Ospitaleak batzearekin, gaixoak eta langileak ospitale batetik bestera igaro behar izan dira, eta ez du ekarri ohe kopurua handitzea, itxaron-zerrendak goraka doaz, bai kanpoko kontsultetan, bai ebakuntza kirurgikoetan".

Lezako ospitalea

Ospitaleen bategiteak ere beste zalantza bat piztu duela azaldu dute osasun arloko langileek. "Eta Lezako ospitaleak ba ote du etorkizunik? Eraikina zaharberritzeko ogasunetik gastatu diren milioiekin, nolakoa izango da ospitale horren izaera, baldin eta egonaldi ertainerako Arabako erreferentzia zentroa Santiago bada?". Hain zuzen, Lezako  garbitegia pribatizatuko dutela jakinarazi dute azken egunetan, eta langileek jarduera hori ospitalean egiten jarraitzeko borrokatuko dutela iragarri dute. 

Pribatizazio eta murrizketen bidetik, Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dituela salatu dute langileek. "Osakidetza ez da, dagoeneko, garai batean izan zen osasun publiko moderno eta  puntakoa". 

Informazioa kontrastatu eta Arabako Unibertsitate Ospitalearen inguruko azalpenak jasotzeko xedez Aleak egindako elkarrizketa eskaerari uko egin dio, momentuz, Osakidetza-Arabak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago