Beharra duten familiak laguntza gabe ez geratzeko lanean dabiltza

Mirian Biteri 2017ko ots. 12a, 20:14

Arabako Elikagaien Bankua Gasteizko Udalarekin jarri da harremanetan eta hainbat elkarte eta hiriburuko eliza ere laguntzeko prest agertu dira.

Elikagaiak behar dutenengana heltzea. Hori horrela izan dadin, esfortzu berezia egiten dute egunero langile eta, bereziki, boluntario askok eta askok. Lan eginez, baina helburua bete dute orain arte. Bada, egunotan jakin dute Gasteizko 450 familia inguru oinarrizko laguntza galtzeko zorian daudela, banaketa lanetan ari den elkarte bati diru-laguntza murriztu diotelako.

Europatik heldu da oraingoan albiste txarra. Arabako Gizarte Lan Elkarteak (AGLE) bitartekari lanak egin ditu Arabako Elikagaien Bankuaren eta beharra duten familien artean, Gasteizko Udaletik, Europako Batasunetik eta Vital Fundaziotik jasotako laguntzei esker. Bertako hiru gizarte langilek 150 familiarekin lan egiteko gaitasuna badute ere, azken urtean 600 ingururi erantzun diete.

Europak, baina, erabaki du orain arte emandako 18.000 euroko laguntza kentzea; murrizketa horren ondorioz, aurrerantzean 150 familia baino ezingo dituztela lagundu iragarri dute. Denbora galdu barik, arazoari irtenbidea ematen saiatzen hasi dira Arabako Elikagaien Bankuan. Bertako presidente Daniel Fernandezek azaldu du egoera konpondu nahian Gasteizko Udalarekin jarri direla harremanetan. Horrekin lotuta, hiriburuko hainbat elkarte eta eliza ere prest agertu dira laguntza gabe geratu diren familia horiei laguntzeko.

Elikagaien bankua eta beharra dutenen arteko bitartekaritza egiten duten elkarteen lana "ezinbestekotzat" jo ditu Fernandezek. "Bankuak ezin ditu elikagaiak zuzenean banatu; guk egiten duguna da ziurtatzea Brasil kalera, Udalak utzitako lokalera, doazen familiak beharra dutela, eta zeregin horretan ezinbestekoa da elkarte hauen lana. Kontuan hartu behar dugu hau ez dela puntuala, gero eta familia gehiago dira laguntza behar dutenak", nabarmendu du.  

Araba mailan, 71 elkarte

Gaur egun, Araba mailan, 71 elkartek egiten dute lan. Bi arlotan daude horiek banatuta: 30 kontsumoko elkarteak dira, hau da, bankuak galkorrak diren elikagaiak ematen dizkie horiei jantokietan eta bestelakoetan erabili ditzaten; eta gainerako 41 taldeak banaketakoak dira, hain zuzen ere, elikagaiak zuzenean banatzeaz arduratzen dira. Azken horiek 6.700 lagunengana heltzen dira, eta, kontsumokoak, berriz, 900 ingurura. "Hori horrela, Arabako Elikagaien Bankuak gaur egun 7.800 lagun inguru laguntzen ditu", dio Fernandezek.

Profilari dagokionez, azaldu du etorkinekin egiten dutela bereziki lan. "Laguntzaren bat baldin badute ere, gizarte langileek hainbat datu eskatzen dizkiete, hala nola, zenbat diru jasotzen eta gastatzen duten eta egunerokotasunari aurre egin ahal izateko zenbat geratzen zaien. Horren arabera jasoko dituzte elikagaiak", azaldu du. Bada, gaineratu du, ekonomikoki maila ertainean zeuden eta lan gabe geratu diren eta gastuei aurre egiteko errekurtso barik geratzen ari diren gero eta bertako pertsona gehiago dituztela.

Lotsa, alde batera

Egoera ekonomikoa hobera egin duela esaten bada ere, elikagaien bankuan oraindik ez dute horrelakorik igarri. "Are gehiago, nik esango nuke gora egiten ari dela laguntza eskatzen dutenen kopurua. Gainera, badago beharra duen jende asko, eta, lotsagatik-edo laguntzarik eskatzen ez duena". Azken horiengana heltzea oso garrantzitsua dela aipatu du Fernandezek: "Ez dute inongo lotsarik izan behar. Gaur egun, zoritxarrez, edonori gerta dakioke horrelakorik. Ez dakigu nola baina eurengana heldu nahi dugu". Horren bueltan, mezu bera helarazten dute beti: "Hain justu ere, elikagaien bankuko telefonoa eskatu eta gu jarriko gara zuzenean harremanetan beraiekin", aipatu du presidenteak.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 93. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago