Askotan nabarmendu izan dugu euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa dela egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako. Urte hauetan guztietan ez da nahikoa oinarri eraiki lan mundua euskalduntzeko eta alor sozio-ekonomikoan baldintza egokiagoak izateko. Lan munduan euskara sustatzeko urratsak ematen ari dira (kanpainak, euskara planak enpresetan, pertsonen trebakuntza, baliabideak eta tresnak sortu dira), baina erdara da nagusi oraindik ere enpresa/ lantoki gehienetan. Bestalde, hezkuntza-arloa euskalduntzeko egindako inbertsioak ez du segidarik izan arlo sozio-ekonomikoan. Gero eta gehiago dira euskaraz ikasi duten eta trebatu diren pertsonak, belaunaldi berriak prest daude euskaraz lan egiteko, baina, lan munduak horretarako aukera gutxi ematen die. Euskaraz formatutako belaunaldiak erdaraz lan egin behar izaten/ izango du kasu gehienetan.
Lan arloan euskaraz normaltasunez aritzeko baliabideak sortu eta garatu behar dira. Euskaraz lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin betetzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea.
Baliabide horietako bat da Bai Euskarari Elkartearen Lansarean lan-ataria. Bai Euskarari Elkarteak euskaraz aritu eta euskaraz lan egin nahi duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei proiektuak, baliabideak, erreferentziak eta proposamenak eskaini nahi dizkie. Esate baterako, egoki jardun nahi duen enpresak bermatu beharko luke, besteak beste, langile guztiek lanpostua garatzeko hizkuntza gaitasuna izango dutela, ahoz zein idatziz. Kontratazioetan hizkuntzaren irizpidea aintzat hartu beharko luke edo-eta euskaraz lan egiteko aukera bermatzeko lanerako baliabideak eskaini beharko lituzke.
Horregatik eskaini nahi izan dugu Lansarean lan-ataria. 2014an martxan jarri genuen lan-ataria berritu dugu, enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukerak errazten jarraitzeko asmoz. Bi urte igaro ondoren eta milaka lan-eskaintza jaso ondoren, diseinu eta funtzionalitate berriak erantsi ditugu enpresen eta hautagaien beharrei modu eraginkor eta pertsonalizatu batean erantzuteko.
Lansarean.eus da euskara hutsez dagoen Euskal Herri osorako lan-atari bakarra. Euskal Herriko profesionalok aukerak behar ditugu, euskaraz lan egiteko aukerak, euskaraz bizitzeko aukerak. Horregatik, Bai Euskarari Elkarteak erraztasunak ematen dizkio ibilbide profesionala euskaraz garatu nahi duenari.
Lansarean bi publiko hauei dago zuzendua: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan-eskaintzak zabaldu eta hautaketa-prozesuak arinago kudea ditzaten; eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten.
Hautagaien kasuan, arreta berezia eskaini nahi diegu lehenengo lanaren bila dabiltzan horiei, berebiziko garrantzia baitu lehen aukera eta lanerako jauzi hori euskaraz egiteak. Ikasketak burutu berri dituzten gazteak aro berezi baten aurren daude, euren bizimodua baldintzatuko duen ibilbide profesionala lantzen hasi behar dute eta emaitza ez da beti espero bezain oparoa izaten. Lansarean.eus lan-atarian lehen aukera euskaraz eskaini nahi dugu, ikasketetatik lanerako jauzia euskaraz egin eta ibilbide profesionalari ekiteko.
Noski, horren gaztetxo ez direnei ere lan-aukerak eskaini nahi dizkiegu lansarean.eus-en bidez. Profil, adin, esperientzia profesional eta egoera ezberdinetara egokituriko iragarkiak topatuko dituzue.
Lan-ataria berritasunez beterik dator, funtzionalitate zein diseinu aldetik: hautagaiak lan abisuak jasoko ditu, lanbide orientazioa izango du, hautagaitza jarraitu ahal izango du, curriculumak eskaintzaren arabera egokituko ditu, formazio aukera ere izango du... Sartu eta baliatu lansarean lan-atariak eskaintzen dizun aukera.
Ez dago aitzakiarik. Zure enpresaren eskaintzetan euskara aintzat hartzen baduzu, lansarean.eus. Zure ibilbide profesionala euskaraz eraikitzea erabaki baduzu… badakizu, lansarean.eus. Lehen aukera, euskara. Lan aukera, euskaraz.
Info 7 / Gureaz Blai 2017/02/08
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.