CSNren "obskurantismoa" salatu du diputatu nagusiak Bruselan

Erabiltzailearen aurpegia Erredakzioa 2017ko ots. 6a, 12:36

Garoñako zentral nuklearra, Arabatik hamar kilometrora kokatuta dago. PHOT.OK

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek Garoñaren inguruan CSNren "obskurantismoa" eta "segurtasun nuklearrari buruzko zuzentarauak ez betetzea” salatu ditu Bruselan.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Europako Parlamentuan parte hartu du, zentral nuklearrak eraisteari buruzko jardunaldi batean. Gardentasun Nuklearraren Behatokiak gonbidatuta, Arabako ahaldun nagusiak Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CSN) "obskurantismoa" salatu du, eta ez direla betetzen ari ere segurtasun nuklearrari buruzko zuzentarauak.

Ramiro Gonzalezek aipatu ditu segurtasun nuklearrari buruzko 2009ko eta 2014ko Euratom zuzentarauak. Hauen arabera, estatuek nahikoa informazio eman behar diete herritarrei, oro har, eta batez ere eskumen esparruak dauzkatenei, segurtasun nuklearraren araubideari buruz. Gainera, zuzentarau horiek diote behar beste aukera eman behar direla benetan parte hartu ahal izateko instalazio nuklearretarako baimenak emateari buruzko erabakien prozesuan.

Ramiro Gonzalezek salatu du CSN "modu obskurantistan" jarduten ari dela, ez duela inolako argibiderik ematen, eta Arabak ez duela inolako aukerarik izan erabakian parte hartzeko. “Ni buru nauen gobernuak ez du inoiz sarbiderik izan zentral nuklear honen jarduna luzatzeari buruzko informaziora. Hortaz, Europako zuzentarauak nabarmen ez betetzeari buruz ari gara. Gardentasuna aldarrikatzen dugu Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eztabaidetan. Ez baita egon”, esan du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago