Merkataritzaren eta euskararen astea aurkeztu du Gasteizko Udalak. Ekimena otsailaren 4tik 12ra bitartean gauzatuko da. Euskara zinegotzi Iñaki Prusillaren hitzetan helburu nagusia da “euskararen erabilera eta presentzia bultzatzea gure kaleetan egunez egun, funtsezko sektore horretan zentratuz, merkataritza eta ostalaritzan”.
Gasteizen Bai merkataritzari, ostalaritzari, Euskarari lelopean egingo dute kanpaina, sektore horretan euskararen alde urratsak eman dituzten profesionalak goresteko asmoz. Programari dagokionez, Udalak hainbat ekintza programatu ditu (gasteizenbai.eus webgunean kontsulta daitezke), hala nola, argazki erraldoia, Kike Amonarrizen hitzaldi bat, kaleko antzerkia, parte hartzen duten establezimenduen goresmena, ipuin-kontalariak, eta grafitiak diseinatzeko jardunaldi bat.
Gainera, lehiaketa bat jarri da abian, instagramen bitartez, 50 euroko hainbat bono emateko saritan. Xedea da argazki bat egitea, ‘Bai’ keinua egiten, kanpainaren leloarekin, eta instagramera igotzea, #gasteizenbai etiketa jarrita.
Araban ere merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekintza egingo dira. Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak adierazi duenez, www.euskaraba.eus webgunearen bitartez kanpaina eta programazioaren berri emango du Arabako Foru Aldundiak. Honen bidez lurraldeko merkatari, ostalari eta nekazal ekoizle eta upategiei hainbat produktu, zerbitzu eta hizkuntza-aholkularitza eskaintzen zaizkie. Besteak beste, doako itzulpen zerbitzua eskaintzen da bezeroei zuzendutako mezuak euskaraz ere jarri ahal izateko, eta hainbat zerbitzu gehiago.