2017-18 ikasturterako Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea zabaldu du gaur Hezkuntza Sailak, eta otsailaren 10era arte egongo da zabalik.
Familiek hiru ikastetxe aukeratu behar dituzte aurrematrikula egiterakoan, lehentasunaren araberako hurrenkeran adierazita. Familien %94k lehen postuan hautatutako ikastetxean eskolatzen dituzte euren seme-alabak. Aurrematrikula prozesu osoa, Internet bidez (www.hezkuntza.net helbidean) edo ikastetxean bertan egiteko aukera dute gurasoek. Sarearen bitartez egiteko azken eguna hilaren 9a izango da. Guztira, 703 ikastetxe (455 publikoak, %65) prest daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurrematrikula prozesuari ekiteko.
Arreta berezia erroldan
Aurten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adi jarraituko du erroldatze egiaztagiria oker erabil ez dadin. Hala, Hezkuntza Administrazioak familiak dokumentu hori okerreko eran erabiltzen ari direla atzeman eta demostratuko balu (etxearekiko hurbiltasunagatik ematen diren bost puntuak eskuratzeko helburuz), trikimailu horren bidez eskura zezaketen puntuazio gehigarria galduko lukete, erabilera okerra egiaztatuko balitz. Hau da, behin-behinean esleitu zaien plaza gal lezakete. Iaz, Hezkuntza Sailak irregularrak izan zitezkeelakoan 328 erroldatze aztertu zituen. Horien artean, 105i kendu zitzaien ez zegokien puntuazioa, eta azken hauen artean, 45ek galdu zuten esleitu zitzaien plaza. Aurtengo aurrematrikulazio epean, familiek etxebizitzaren hurbiltasunagatik ikastetxe bakoitzak baremoan ematen duen puntuazioa kontsultatzeko aukera izango dute Hezkuntza Sailaren webgunearen bitartez.
Bestetik, familien urteko errentaren mailari dagokion irizpidea ere aldatu dute aurten. Horrela, baliabiderik gutxien duten familiek puntu gehiago lortzeko aukera izango dute.
Gasteizko lau eremuak
Gasteizko hezkuntza-mapa lau zatitan dago banatuta. Aurten Eusko Jaurlaritzak Zabalgana Batuz auzo elkartearen eskaerak kontuan hartu ditu eta Borinbizkarra eta Elejalden bizi diren haurrek Aldaialde ikastetxean izena emateko aukera izango dute. Modu honetan, eta orain arte ez bezala, etxearekiko hurbiltasunagatik ematen diren bost puntuak lortzeko aukera izango dute.