Fokutik kanpo

Xabi Igoa 2017ko urt. 30a, 11:44
Aretako Tunel tabernan aurkeztu zuten aurtengo txapelketa. / ABE

"Gure elkarteak ez du Principalek adina argiztapen, asko jota lau pertsonek joko dute txalo...".

Hamaika alderdi ditu lehiak eta beste hainbeste modutan bizi liteke txapelketa, baina funtsean baditu bi eremu: fokupekoa eta fokutik kanpokoa. Oraingoan, ez nuke fokupekoan zentratu nahi, hori ezagutu nahi duenak izango duelako zer ikusi hurrengo hilabeteetan.

Asteartea da berriz. 21:00ak puntuan sartu gara kuadrilla elkartean. Gaur ere ez dugu beste munduko menurik, baina ez gara afaltzera etorri, edo ez soilik afaltzera. Mahaian zeudenak jan, eguneko gaiak komentatu eta nola ez, joan da bertsoaren inguruko elkarrizketa bat edo beste. Altxa da bat: "Egin beharko dugu zerbait, edo?". Ez da bertsorik faltan izan.

Gure elkarteak ez du Principaleko fokuek adina argiztapen, asko jota lau pertsonek joko dute txalo bertso borobil bat botaz gero, mikrofonoaren ordez eskoba kirtena izango dugu parean… hori ere bada txapelketa.

Askok usteko dute hor bukatzen dela txapelketara bidean bertsolarion lana, baina elkartetik irten, kotxean sartu eta honek ez du etenik: aurrez abestutakoak errepasatuz, lagunari egokitu zaion paperean zer kantatuko genukeen irudikatuz…

Hurrengo goizean, lanera bidean, irratian azken orduko berria entzun orduko, berriz jartzen zaigu martxan lepo gaineko makinatxoa. "Eta berri hau gai gisa egokituz gero, zer esango nuke?".

Agian gure ingurukoak dira guk baino meritu gehiago dutenak, lana baita gero gu aguantatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide