Leza ospitaleko ikuztegia itxiko dutela jakinarazi die zuzendaritzak langileei. Osakidetzak kudeatzen duen zerbitzua esku pribatuetara igaroko dela salatu dute beharginek, "baldintza kaxkarragoetan", eta protesta modura sinadura bilketa hasi dute change.org webgunean.
Arabako Errioxako ESIko zuzendaritzak (Erakunde Sanitario Integratua) hilaren 13an jakinarazi zuen garbitokia itxiko zuela, gaur egun lau lagun ari diren gunea, eta zerbitzua Indesa enpresari emango diola. Horren arabera, lau lanpostu galduko dira; ikuztegiko langileak beste alor batzuetara igaroko dira eta behin behinean ari diren lau langile kaleratuko dituzte. "Pribatizazio prozesu orokorrago baten barruan kokatu behar dugu erabaki hau, Txagorritxun edota Santiagon egin duten moduan", azaldu du LABeko ordezkari Raul Castillok. Erabaki honekin, aurreko hitzarmen guztiak apurtzen dituela salatu dute Lezako ospitaleko langileek change.org ekinaldian, "zerbitzu publikoak pribatizatzen jarraitzen duelako, Osakidetzako beheko kategoriak desagertzeko beste pauso bat delako eta ezer ere inbertitzen ez duelako ESIren parte den Arabako Errioxako ospitalean".
Baldintza okerragoak
Era berean, pribatizatzeko hartutako neurriarekin arropa garbitzeko langileen baldintzak "kaxkartzen" direla salatu dute. "Osakidetzak ikuztegia ematen dio Indesari, baina gero ez ditu kontuan hartzen langileen lan baldintzak", aipatu du Castillok, beste ospitale batzuetan gertatutakoari erreparatuta. Batez beste, langileen soldatak ez dira 1.000 eurora heltzen, eta hainbatena 717 eurokoa da.
Zuzendaritzak epe zehatzik eman ez badu ere, ikuztegiko garbigailuren bat hondatzen denean itxiko dute zerbitzua. "Kalandra oso zaharra dago, arazo asko ematen ditu eta edozein momentutan izan daiteke pribatizazioa", azaldu du Castillok. Dagoeneko, 600 lagunek baino gehiagok eman diote babesa change.org webgunearen bitartez.