20. Korrika

Otsailaren 9an hasiko da Korrika Kulturala, Kepa Junkeraren kontzertuarekin

Erredakzioa 2017ko urt. 25a, 13:05

Korrika Kulturalaren aurkezpena egin dute Europa jauregian.

Korrikaren mugikorretarako aplikazioa aurkeztu dute, besteak beste, lasterketa non dagoen zehaztuko duena.

Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur Gasteizko Europa jauregian martxoaren 30etik apirilaren 9ra Euskal Herria zeharkatuko duen lasterketaren arduradunek. Kultur emanaldien ziklo honekin euskal gizarteari Korrikan zehar egiten duen "esfortzuaren eta lan militantearen atal txiki bat" eskaini nahi diote bueltan, azaldu du Asier Amondo Korrikako arduradunak. "Hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea da".

Antzerkia, musika eta bertsoak

Otsailaren 9an ekingo diote programazioari, Kepa Junkera & Sorginak taldearen Maletak ikuskizunarekin. Horrez gain, bestelako emanaldiak ere izango dira: Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatutako bikote artistikoak (Tartean Teatroa), zenbait musikarirekin bat eginda, Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa errepasatuko dute taula gainean; azken edizioetako arrakasta errepikatu nahi dute Bertsokorrika bertso-emanaldi sortarekin, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean; Kukai dantza-taldeak ikus-entzunezkoa eta dantza nahastuko dituen emanaldia prestatu du, Oskara plazara izenekoa; Beatriz Egizabal ipuin-kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak Erradikalak gara ikuskizuna ekarriko dute; eta, Pirritx Porrotx eta Marimotos pailazoen Tipi-tapa, Korrika! ikuskizun koloretsua. Korrika Laguntzaile txartela dutenek % 10eko deskontua izango dute Korrika Kulturalaren emanaldietan.

Mugikorretarako aplikazioa

Jarduera hauek guztiak bilduko dituen Korrika sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika une oro non dagoen jakiteko aukera ere emango du, geolokalizazioari esker.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago