320.000 bisitari jaso dituzte Arabako parke naturalek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urtarrilaren 24a

Ekoibilibide bat Valderejoko parke naturalean. PHOT.OK

Gorbeia, Izki, Valderejo, eta Aizkorri-Aratz parkeek 320.000 lagun baino gehiago erakarri zituzten 2016an.

Arabako parke naturalen programa desberdinetan eskola ikasleentzako bisita gidatuak sartzen dira, eta adin bakoitzari egokitutako jarduerak. Iaz, 130 eskola talde hurbildu ziren Arabako parke naturaletara; guztira, 6.605 ikasle.Gainera, programan badira herritar guztientzako jarduerak ere (adinduen taldeak, mendi taldeak, aisialdikoak, elkarteak). Proposamen horretan, 6.354 pertsonak hartu zuten parte iaz, 140 taldetan banaturik.

Balantzea aurkeztearekin batera, Arabako Aldundiak hurrengo bi urteetan parke naturaletan programa hauek kudeatzeko kontratu berriaren zehaztasunak onartu ditu. Hala, Ingurumen Sailak lizitazioan eskainiko du kontratua, 1,5 milioi euroan, datozen bi urteetarako. Plantilla handitu, kontratazioko klausula sozial berriak txertatu eta kudeaketa zerbitzuez gain zainketakoak eta jendeari harrera egitekoak ere sarturik, %13 inguru hazi da aurrekontua.

20 langile arituko dira parke naturaletan;  haien ardura izango da natura gune horietako flora eta fauna eta  habitata zaindu, hobetu eta ezagutzeko ekintzak gauzatzea, halaber, natura gune horien eragin eremuetako ekonomia eta gizarte garapena sustatzeko neurri egokiak abiatuko dituzte. Alde horretatik, parkeen kudeaketan sartzen da orobat erabilera publikoko azpiegiturak eta ekipamendua zaindu eta kontrolatzea, eta bisitariei harrera egitea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago