Lau aldiz Gasteizko urteko ur-hornidura hartu dute Zadorrako urtegiek euriteen ondorioz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 23a, 17:11

Uribarriko urtegia isurtzeko kotan dago, azken euriteen ondorioz

Uraren Euskal Agentziaren arabera, 50 HM³ ur sartu da Zadorrako sisteman, lau aldiz Gasteizko urteko ur-hornidura. 

Uraren Euskal Agentziaren egoitzan bildu da gaur goizean Zadorraren sistemaren jarraipenerako erakundeen arteko mahaia. Urtegien sistemaren egoera aztertzea izan da bilkuraren helburua, izan ere urtarrilaren 10etik 17ra bitartean jazotako euriteak direla eta "sistemaren ur-mailak nabarmen egin du gora". Mahaian erakunde hauetako ordezkariek parte hartzen dute: URA-Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundia, Eudel, Vitoria-Gasteizko Udala, AMVISA, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Iberdrola.

URAren arabera, "Uriibarrin, ur-laminak itsas mailatik 544,75 m gorainoko kota hartu berri du: isurtzen hasteko ahalbidetzen duena. Urrunagan, aldiz, ur-mailak behera egin du, Arratiarantz hustutako ura medio. Azken gertakariak medio 50 HM³ ur sartu da sisteman: lau aldiz Gasteizko urteko ur-hornidura". 

Zadorran, Baian eta Zaian, estazioak

Eusko Jaurlaritzak eta URAk aurreratu dute ibaien maila ezagutzeko estazioak zein meteorologia-estazioak jarriko dituztela Zadorra, Baia eta Zaia ibaietan, horien  maila aldaketak hobe ezagutzeko. Halaber, "bizilagunei azaldu zaie arro horietan bizi diren bizilagunak abisatzeko alerta-sistema goiztiarrak hobetuko direla".

Ibaien mantentze-lanak

Bestalde, URAk azaldu du "ezinezkoa" dela ur askoko gertakarietan metatzen den emariari eustea ibaiaren ohiko ibilguan; "ibaiak natural loditzea eta mehetzea baitu nortasun, natural eta errepikakor, alegia, saihestu ezinezko gertakari naturala da ur-goraldia. Horrekin bizi beharrekoa".

URAk azpimarratu du badela, ordea, non eragin: "kaltetu daitekeen erabilpenik ezin jarri, ibaiek, ezinbestean,  bere egin behar duten eremuetan". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago