Garai batean Arabako herri txiki guztietan txiriboga bat zegoen. Bertan, inguruko nekazariak landaturiko patatak edo babak saltzen zituzten baita matxardak, pentsuak, xaboia, abarketak, fideoak, orratzak, erretzekoa edo koadrodun mahai-zapiak ere. Denda eta taberna zen aldi berean, eta dendariaren etxebizitza; sarritan herriko telefono publikoa eta medikuaren kontsulta bertan zeuden.
Baina garaiak aldatu ziren, herrietako jendea hirietara joan zen, auto pribatuaren erabilera hedatu zen, eta merkataritza-gune handiak sortu ziren hiri-inguruetan. Ondorioz, eta herriak jendez husten hasi zirenean, denda txikiak itxi zituzten, bezero gutxi izanik ez baitziren errentagarriak.
Hartara, herri txikietan geratu ziren biztanle apurrak oinarrizko erosketak egiteko ia tokirik gabe geratu ziren. Arabako herrietako jende zaharra, emakumeak bereziki izan dira oinarrizko zerbitzuen falta gehien nozitu dutenak. Haientzat, urte luzez, erosketak egiteko aukera bakarra janari denda mugikorra izan da, haragia, arraina edo ogia astero banatzen dituzten kamioiak edo furgonetak hain zuzen. Hala gertatzen da oraindik Zanbrana aldean, edo Lagranen non arrain-saltzailea astearte goizetan pasatzen da, eta okina ostiral arratsaldetan; Gaubeako herri gehienetan, adibidez, Espejoko Oraak banatzen du ogia, egunero.
Gurpil gainekoek ematen duten zerbitzua albora utzi gabe, azken urteetan zenbait herritan denda txikiak zabaltzen ari dira; formula ezberdinak erabili dituzte herriaren arabera, baina tokiko produktuei eta produktoreei berebiziko garrantzia ematen diete gehienetan.
Ekonomatoak edo agrodendak
Mendialdean, Añanan, Gorbeialdean, eta Lautadan hainbat ekonomato, denda txiki edo 'agrodenda' sortu dira azken urteetan, non jakiak eta bestelako produktuak eskura jartzen dizkiete herri horietan bizi diren lagunei. Gertuko erosketa sustatzen ari dira, eskura jartzen baitituzte ohiko zenbait produkturekin batera, inguruko ekoizleenak, eta ekologikoak... Dendek herriari bizia ematen diote, zerbitzua eskaintzen dute, eta gainera, populazioa finkatzen laguntzen dute. Halaber, produktoreen eta herritarren artean harremanak sortzeko eta sendotzeko balio dute.
Hala uste dute bederen herrietako eragileek eta tokiko administrazioek. Arabako zenbait eskualdetan onartu dituzten garapen planek jasotzen dute halako ekimenak babesteko eta bultzatzeko beharra, eta Arabako Kontzejuen Elkarteak ere bide horretan abiatuko du kanpaina berri bat. Zaindu zeurea du izena, eta kontzejuetan merkataritza bultzatzeko asmoa dute hurrengo hilabeteetan. Oraindik gauza handirik zehaztu ez badute ere, "proposamena argi dago, laguntza instituzionala beharrezkoa da, auzotarren konpromisoa ezinbestekoa da, ez iraganera bueltatzeko baizik eta etorkizunera begiratzeko, guneak sortzeko eta zerbitzuak biltzeko; uste dugu posiblea dela eta gure herriek merezi dutela".
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 90. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.