Armentia-II putzuaren kontrako kontzentraziora deitu dute larunbatean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 19a, 11:20

Armentia II putzuaren kokapena, Subilla-Gasteizen.

Urtarrilaren 21ean eguerdiko 12etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, kontzentrazioa antolatu du Berriztu! mugimenduak, Armentia-II putzuaren kontra.

Armentia-II putzuaren ingurumen tramitazioa ebazteko Ingurumen Ministerioak duen hiru hilabeteko epea urtarrilaren 27an bukatzen dela ohartarazi du Berriztu! mugimenduak. "Data hori betetzeko hamar egun baino gutxiago gelditzen direnean, proiektu honen gauzatzearekin eta egungo eredu energetikoaren ondorioz bizi ditugun arazoekin kezkatuta dauden pertsona guztiei, hurrengo larunbatean, urtarrilaren 21ean eguerdiko 12etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzeko deialdia helarazi nahi diegu". 

Berriztu! mugimenduak gogoratu du putzua egiteko proiektua "Subillako akuiferoarentzat, Euskadiko lurrazpiko ur erreserbarik handienarentzat, arrisku bat" dela eta  "Araban ehundaka edo milaka gas putzu zulatzeko arriskua" mahai gainean jartzen duela. Azkenik, salatu dute "iraungituta dagoen eredu energetiko fosil batean diru publikoaren hamabi milioi euro xahutu nahi dituztela, eredu jasangarriak behar dituen inbertsioei heldu beharrean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago