Irailetik, Manzanosen eskainiko du Argantzon ikastolak Lehen Hezkuntza

Mirian Biteri 2017ko urt. 20a, 07:00

Proiektuari jarraipena ematea eta finantzazioa egonkortzea bilatzen dute kokaleku horrekin.

Kostata baina azkenean Lehen Hezkuntza eskaintzen hasiko da Argantzon ikastola. Manzanosen  emango diote hezkuntza-proiektuari jarraipena; Erriberabeitiako udalerrian, Argantzundik bost kilometrotara.

Ikastolako zuzendaritza taldeko kide Saioa Urizarrek jakinarazi du eraikin berria egiten duten bitartean, Manzanoseko zentro sozialean emango dituztela eskolak. Aurreikusi dute bi urte inguru beharko dituztela esandako lanak bukatzeko. Urizarrek azaldu du ikasleak zikloka banatuta egongo direla, espazio komunak izango dituzten arren; eta, gaineratu du Manzanosen Lehen Hezkuntza amaitzean, Armentian ikastolan egin ahalko dutela Bigarren Hezkuntza bertako ikasleek.  

Argantzunen ezin

Helburu bikoitza du pausu berri honek: alde batetik, hezkuntza-proiektuari jarraipena ematen diote; eta bestetik, Trebiñutik Arabara salto eginda, ekonomikoki egonkortzea bilatzen dute. Horren harira, honakoa adierazi du Urizarrek: "Berez, Lehen Hezkuntza Argantzunen eskaintzea izango litzateke logikoena. Baina, muga administratiboak tarteko, ezinezkoa da hori. Arabara salto eginda finantzazioa egonkortzea espero

dugu, dirua errazago bideratu dezatela nahi dugu".
Horrekin lotuta, zuzendaritza taldeko kideak jakinarazi du dagoeneko jaso egin dutela 60.000 euroko diru-laguntza: 45.000 euro Eusko Jaurlaritzatik heldu dira, eta gainerako 15.000 Arabako Diputaziotik.

Matrikulazioa

Bestalde, dagoeneko zabaldu dute Haur zein Lehen Hezkuntzarako matrikulazio kanpaina. Interesa dutenek honako bideak dituzte ikastolarekin harremanetan jartzeko: 945 37 31 85 telefono zenbakira deituta, argantzon@ikastola.eus helbide elektronikora mezua bidalita edo bertara joanda.

Kalitatezko hezkuntza alternatiboa eskaintzen dutela eta eredu horren hainbat ezaugarri aipatu ditu Urizarrek: tartean, talde txikiak; banakako arreta, haur bakoitzaren garapen eta ikaskuntza erritmoak errespetatuz; naturarekiko harremana; ordutegi malgua edo Aucouturier metodoan oinarritutako psikomotrizitate jarduerak eta Montessori oinarri duten matematika eta irakurketa idazketa.

Batzar informatiboak

Guzti horren gainean eta ikasleen garraioaz hitz egiteko batzar informatiboak deitu dituzte: Argantzunen hilaren 30ean izango da ikastolan, 18:00etan; Manzanosen 31n, zentro sozialean, 18:30ean; eta Gasteizen otsailaren 1ean, Zabalgana Batuz elkartearen egoitzan, 18:00etan.

Dagoeneko hamahiru urte pasa dira Argantzon ikastolak ateak zabaldu zituenetik; Trebiñun hezkuntza euskaraz eskaintzeko beharrak bultzatuta jarri zuten martxan esandako proiektua. Urrats berria emango dute datorren ikasturtean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide