Txagorritxu eta Santiago ospitaleak gainezka, gripea dela eta

Erredakzioa 2017ko urt. 12a, 17:12

Txagorritxuko ospitale berria.

Azken astean Araban 7.656 paziente artatu dituzte Larrialdi zerbitzuetan. Gaixo batzuk Gasteizko ospitale pribatuetara eta Arrasate eta Lezora bidali behar izan dituzte.

Txagorritxu eta Santiago ospitaleak gainezka daude. Azken asteetan gripe-kasuak nabarmen igo dira, eta Larrialdi zerbitzuetara gerturatu diren gaixo guztiak artatzeko arazoak izaten ari dira. Era berean, Arabako zenbait anbulatorio eta Etengabeko Atentzio Guneetan (EAG) ere pilaketa egon dira. Ez dago behar adina ohe, eta horrek ere bestelako arazoak eragin ditu ospitaleetan; adibidez, zenbait egunetan urgentziazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera utzi behar izan dituzte. Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait neurri hartu behar izan ditu. Euskadin, esaterako, 417 ohe gehiago prestatu eta 230 profesional gehiago kontratatu dituzte.

Larrialdi zerbitzuetako jardueraren datuen arabera, urtarrilaren 3tik 9ra 47.011 paziente artatu dituzte zerbitzu horietan. Araban 7.656 gaixo, hain zuzen ere.  100.000 biztanletik 264,7 kasu izan dira lurraldean. Adin tarteari dagokionez, gripeak haurrengan du eraginik handiena, 0-4 urte bitarteko haurren artean bereziki. Hala ere, Osasun Sailak azaldu duenez, ospitaleratutako pertsonen %81ek arrisku-faktoreak ditu, edo 64 urtetik gorako adin-tartekoak dira.

 

Gripeari aurre egiteko gomendioak

Datozen asteetan gripe-kasuek gora egingo dutela aurreikusten du Osasun sailak, hori dela eta, zenbait gomendio eman dizkie herritarrei:

 - Atseden hartzea, likido ugari edatea eta sukarra jaisteko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak.

- Sukarra jaisten ez bada eta gripe-prozesuari aurre egiteko osasun-arreta behar bada, osasun-zentrora eta Etengabeko Arreta Puntuetara (EAP) jotzea eta medikuen aginduak jarraitzea gomendatzen da.

- Beste gaixotasunen bat izatean sor daitezkeen konplikazio larriagoen kasuan, ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara jotzea gomendatzen da.

- Garrantzitsua da kontuan hartzea, transmisio eta kutsatze indize handia duenez, ezinbestekoa dela prebentzio-neurri higienikoak hartzea, besteak beste, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak sarri garbitzea edo erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago