2017 urteari ongi etorria eman diogu. Iraganean egindako bidea zein izan den aztertu eta baikortasunez begiratzen diogu datorrenari, erronka eta asmo berriak zerrendatzearekin batera. 2017a indarrez hasi dugu, gogotsu, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen jarraitzeko ideia, proposamen eta egitasmo gehiagorekin. Urte berri honetan, eta datozenetan ere, euskaraz lan egin eta bizi nahi dugulako.
Atzera begiratze horretan Garikoitz Goikoetxearen Euskara Irabazteko Bidean liburuak lagundu ahal digu. Balantze moduko bat egiten du, argazki panoramiko bat, 100 bat lagunen iritziak eta ikuspegiak jasota, orain arteko ibilbidea aztertzen lagunduko diguna, etorkizuna eraikitzeko orubea lantzen hasteko.
Lan munduari ere eskaini dio bere atala eta horrela dio liburuko pasarte batek: “Euskaraz hezitako langileak ari dira enpresetara sartzen gero eta gehiago. Salto horretan galerak nabari dira, ordea. Etena. Eskolak irabazitakoa maiz aski galbidean jartzen du lan munduak” ez baita bien arteko jarraipenik egoten.
Euskara planak enpresetan, diru-laguntzak eta lan mundua euskalduntzeari begira abiatutako proiektuak eta motibazioak ere izan ditu hizpide Euskara Irabazteko Bidean liburuan zehar. Horiekin batera, elkarlana ere nabarmendu du. Harreman korapilatsuak eta elkarlan eza galga nabarmenak izan baitira prozesuan. Lan munduaren euskalduntzearekin zerikusia duten aktoreen arteko harreman korapilatsuek eragina izan dute orain arteko emaitzean. Gai arantzatsua da euskalgintzaren eta erakundeen arteko lotura eta, zer esanik ez, euskalgintzak eta alderdi politikoek eduki beharreko harremana. Elkarlana, akordioak, autonomia, babesa eta aitortza bezalako kontzeptuak azpimarratu dituzte egileak zein elkarrizketatuek: gakoa da elkar elikatzea. Grafikoki: denok geure burua irudikatu behar dugu mahai borobil batean, bakoitzari bere egitekoa onartuz eta aitortuz. Honako ideia hau ere nabarmendu izan dugu beste batzuetan: esperientziak partekatzeak, osagarritasuna bideratzea, besteengandik ikasteak, elkar aitortzeak, onartzeak, elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, eraginkortasuna areagotu eta sendotu.
Halaber, maiz aipatu izan ditugu euskara lan munduan txertatzearen garrantzia eta balio estrategikoa. Metatutako esperientziatik eta urte hauetan egindakotik, lorpenetatik zein akatsetatik, ikasi beharko genuke eta aurrera egiteko baliatu. Irudikatu dezagun etorkizuna euskaraz bizi eta euskaraz lan egin nahi duten pertsonak ere aintzat hartuta, erronkak, ibilbidea eta epeak ezarrita.
Eman dieziogun balioa euskarari, Euskal Herriko alor sozioekonomikoan normaltasun osoz erabiliko badugu. Partekatu dezagun ikuspegia. Bide bat dugu, saretuta, elkarrekin pentsatzeko, elkar aitortzeko, elkarrekin egiteko, elkarrekin irabazteko.
Info 7 / Gureaz Blai 2017/01/11
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.