Anbizioa eta baikortasuna

Ekain Jimenez Valencia 2017ko urt. 15a, 12:01
Arabako kulturgileek proposamen bateratua landu dute.

Zimeldutako kultura berriz loratzeko helburuarekin jaio zen Arabako Kulturaren Mahaia 2015eko irailean. Jarraian, kontseiluko kide den Ekain Jimenezek 2016. urtean gertatukoari buruzko balorazioa egin du. 

Ondo dakigu guztiok oraindik jasaten ari garen krisialdi ekonomikoak kultura arloan ahazte eta atentzio ezaren arrasto sakona utzi duela. Krisiaren aurreko dinamismoa (edo behintzat egoera bera) berriro ere berreskuratzen saiatzeko ideiarekin Administrazioa nagiak atera ezin dagoela susmatzen dugu Mahaitik. Hala ere, hau gerta dadin seinale batzuk igartzen hasi dira dagoeneko, gure lurraldearen kultura gizarte osorako ikusgarria eta erabilgarria izan daitekeen mailara altxatzeko beharrezkoa den ilusioa berriro ere, poliki-poliki, berreskuratzen hasi garelako.

Mahaitik aldarrikatu nahi dugu, lehenik eta behin, anbizioa eta baikortasuna. Baikortasuna, ekonomia berpizteko zain geratu gabe, bukatzear dagoen 2016. urtearen hasieran pertsona eta kolektibo asko kulturaren alde altxatu garelako, kulturak gizarteari zerbitzua eman diezaion lan egiteko gogo handiarekin denok.

Eta, anbizioa edo goranahiari dagokionez, baikorrak izateko lan horrek jomuga batzuk (epe motzera, zein epe ertainera) definitzera eraman ez ezik, hori lortzeko nahiak burubelarri lanean jardutera bultzatu gaitu. 

Ildo horretan, urte bateko ibilbidearen ondoren helburu batzuk lortu dira, eta Mahaia lorpen horien parte izateaz harro dago.

Orain dela aste gutxi batzuk, esate baterako, hiriburuko talde politiko guztien artean sinatutako mozio bateratuan laguntza eskaini genuen. Hala, kulturari udal-aurrekontuetako partida garrantzitsu bat eman zitzaion, Krea eraikinaren erabileraren aldaketa dela eta. Eta, ondorioz, lurralde berezi honetan irudikatzen den era askotako iritzi guztiak akordioetara irits daitezkeela egiaztatu ahal izan dugu. 

Horretaz gain, hizketakide gisa, Arabako Foru Aldundiak sortutako Kulturarako Plan Estrategikoa lantzeko partaideak izan gara, eta aurrerantzean horrela izaten gustatuko litzaiguke, beti ere erabilgarriak izaten jarraitzen badugu. 

Beste alde batetik, kultura arloan praktika onak bultzatzeko dokumentu bat garatu dugu, probintzia-esparruan Foru Arau bihurtzeko asmoarekin. Ereduzkoa eta eredugarria izan nahi duen dokumentu hau, sektore desberdinen gehiengoaren interesa, eta hain abstraktua eta aldi berean hain erreala den ehun kultural hori osatzen duten sentsibilitate ezberdinak kontuan hartu nahi ditu: bitartekariak, hezkuntza eta hiritargoa; edo zuzenean kulturaren magma barruan txertaturik lan egiten duten sektoreak (hala nola, arte eszenikoak eta arte bisualak, musika eta arkitektura, ikus-entzunezkoak edota literatura, besteak beste).

Zeharkako helburu hauetaz gainera, Mahaia osatzen duten talde azpisektorial hauetako bakoitza jarduera eta helburu propioak mugatzen joan da. Bakoitza abiadura desberdinetan, baina guztiok beti jarrera irmoarekin eta laguntzeko borondatearekin. Horregatik, ziur gara aurrerantzean lan honen ondorio onuragarriak ikusten hasiko garela.

Ez dugu errekuperazio ekonomikoa aurretik jarri nahi. Ezin dugu dirua sobera egon arte itxaron, ez baita inoiz diru nahikorik egongo Administrazioei nagiak ateratzeko, eta ukiezina den gauzetan inbertitzeko. Eta ezin dugu ere hiritarrek kultura gehiago eskatu arte itxaron. Galdera ez da 2017. urteak zer ekarriko ote digun, baizik eta Mahaia gizarteari eta administrazioei zer emateko gai izango den. Inongo zalantzarik gabe, orain arte egin dugun bezala, baikortasunez eta anbizioz beterik lan egiten jarraituko dugu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide