Urtarriletik ekainera bitarteko Antzoki Sarearen programa aurkeztu du Udalak. Guztira, 62 ikuskizun eskainiko ditu; horietako 25 euskal sorkuntzak eta ekoizpenak izango dira, eta hamar lan euskaraz izango dira. Antzerkia, dantza, musika klasikoa, popa, flamenkoa, beste musika mota batzuk, umorea, zirkua eta familientzako proposamen ugari ikusi ahal izango dira, tartean, Cabaret, el musical de Broadway, Unax Ugalde eta Blanca Portilloren azken lanak eta Su Ta Gar edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak.
Beti bezala, helduentzako antzerki eskaintza anitza izango da; Unax Ugalde aktore gasteiztarra protagonista duen Escuadra hacia la muerte antzezlana, Reina Juana lana, Concha Velascorekin, El cartografo Blanca Portillorekin, Tricicleren azken lana, Cesc Gay zuzendariaren Los vecinos de arriba edo Julia Gutierrez Cava eta Miguel Rellan protagonista dituen Carta de Amor antzezlana ikusgai izango dira, besteak beste. Era berean Ortzai talde gasteiztarren La loca de Chaillot lana ikusteko aukera izango da; L’elisir d’amore, Arkeren eskutik eta Comedy Zoo ikuskizuna, Corbacho, Millan eta Javier Sanchorekin.
Dantza abonamenduan, berriz, formatu ezberdinetako lau lan proposatuko dira, dantza garaikidetik hasita proposamen klasikoenetaraino. Horrela, Sharon Fridman, Kukai Dantza Taldea, Kubako Ballet Nazionala eta Martha Graham koreografoa izango dira taula gainean.
Euskarazko ekoizpenak
Euskarazko eskaintzaren artean, lau ekoizpen nabarmentzen dira: Jainko Basatia Andoni Agirregomezkorta eta Aitziber Garmendiarekin, Idiot Txou, Ados teatroa konpainiarena, Miss Karaoke Pez Limbo eta Metro Koadroka taldeekin eta Euskal musikaren benetako istorioa, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreekin.
Familientzako antzerki eskaintzak, kontzertu handiek eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloak osatuko dute programazioa.
Aurretiazko salmenta urtarrilaren 26tik aurrera izango da, eta salmenta arrunta, urtarrilaren 27tik aurrera, ohiko leku eta ordutegietan.
Ikusi Antzoki sarearen egitaraua 2017ko urtarrila-ekaina