“Euskaraz egiteko ohitura berreskuratu behar dugu, baita Araban ere”

 

Irune Martinez de Antoñana -  Etxeko Baratza

 

Lazarraga Sariek mendialderantz jo zuten familia-enpresa berezi bat aitortzeko, Etxeko Baratza, hain zuzen ere. Nekazaritza ekologikoan dihardu Kanpezuko Orbison bizi den laukoteak eta euskarari atxikimendu handia erakutsi izan dio beti. Berriki Bai Euskarari Ziur- tagiria eskuratu du Etxeko Bara- tzak, “Zerbitzua Euskaraz” maila, bezeroei euskarazko zerbitzua eskaintzen diela nabarmentzeko eta euskaraz lan egiteko hartu diren neurrien adierazle gisa. Irune Martinez de Antoñanak jaso zuen saria, 24 urtekoa eta formazioz irakaslea. Nekazaritza eta euskara maite ditu Irunek eta mendialdera eraman gaitu Etxeko Baratza ezagutzera eta euskarak haien eguneroko bizimoduan eta lanean duen balioa ulertarazteko.

 

Lazarraga Saria jaso berri, nola sentitzen zarete?

Sorpresa handia izan da, egia esan, ez genuen espero. Etxeko Baratzak euskarazko kartel bat egiteagatik izandako arazotxo baten harira murgildu ginen Bai Euskarari komunitatean; ondoren, Lazarraga Sarietan parte hartzeko izen- datu gintuzten eta gaur irabazleak gara. Hasieratik, gure erronka nagusia izan da nekazaritzan zein lehenengo sektoreko alor guztietan euskaraz bizi ahal izatea; mundu honetan bizi garen guztiok (ekoizleak, saltzaileak, etab.) beharrezkoa dugu egunerokotasunean euskaraz egitea. Laburbilduz, guk aldarrikatzen duguna da era natural batean euskaraz lan egin eta bizi ahal izatea.

 

Bezeroak eskertzen du euskararen erabilera?

Zalantzarik gabe. Gasteizen euskaldun zahar asko dago, aspaldian lan egitera etorri ziren pertsonak. Horiekin batera, azken urteotan euskaldundu direnak. Denek eskertzen dute gazteekin euskaraz aritu ahal izatea. Egia da momentu batean euskararen presentzia jaitsi zela Araban, baina esango nuke berriz ere sustraietara itzultzen ari garela. Argi daukat gazteok euskaraz egiten badugu, etorkizuna euskaraz izango dugula; azkenean, nire belaunaldiak euskaraz egiten badu zahartzaroan ere euskaraz egiten jarraituko du.

 

Etxeko Baratza. Familia proiektu txikia, balio handikoa. Nola aurkeztuko zenuke?

Nekazaritza guztiz integraturik dago nire familian; aitak betidanik lan egin izan du lehenengo sektorean eta 2008an nekazaritza ekologikoaren munduan sartu ginen, mendialdean sortu zen talde ekologiko batean. Bistakoa da hori dela etorkizuna, izan ere, ohiko nekazaritzaren merkatua sekulako krisian sarturik dago, prezio borrokaren eraginez. Etxeko Baratzaren filosofia orain mundu ekologiko eta nekazaritza onbideratzailean oinarritzen da; horren gakoa da lurrari kendu zaizkion mineral guztiak berriz ere bueltatzea. Landatze metodo hau Euskal Herrian eta Estatu mailan gutxinaka zabaltzen ari da eta beharrezkoa da gizartearentzat.

 

Zein balio eransten dio euskarak Etxeko Baratza proiektuari?

Niretzat euskara guztia da. Ni bizi nai- zen lekuan euskaraz egiten da, Euskal Herrian bizi gara eta beharrezko dugu euskara, gure hizkuntza, gure sustraia da... Etxeko baratzari guztia eskaintzen dio, baita eguneroko bizitzari ere, bizi dudan guztiari. Euskaraz egiteko ohitura berreskuratu behar dugu, baita Araban ere.

Nik espero dut hemendik 20 urtera nire haurrek euskaraz egitea, bai nirekin, bai nire bikotekidearekin, baita kalean ere; hori da nahi dudana, euskaraz bizi ahal izatea; euskara gurea da, kendu ezin diguten zerbait.

 

Euskaraz lan egin eta bizi nahi dutenei, zer esango zenieke?

Euskaraz baldin badakizu, nahiz eta eus- kaldun berria izan, eman behar duzun lehenengo pausoa da zure familia edo lagunekin euskaraz egitea. Ohitura hartzen baduzu erraza izango da, garrantzitsuena baita euskaraz normaltasunez aritzen saiatzea. 

 


Lazarraga Sarien kronika eta elkarrizketa gehiago Bai Aldizkarian.

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago