Iruña Okako suhiltzaile parke zentral berria udazkenerako egongo da prest

Erredakzioa 2017ko urt. 2a, 13:05

Kanpezuko suhiltzaileen parkea.

Fernando Martinez de Ilarduya izena jasoko duen parkea Los Llanos II industriagunean kokatuko da, eta obrak 1.700.000 euroko kostua izango du.

Arabako Suhiltzaileak erakunde autonomoaren egoitza eraikitzeko obrak esleitu ditu Aldundiak eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena (EBA) S.L. enpresa izango da parke berria eraikitzeko arduraduna. Eraikina Los Llanos II industria poligonoan egongo da kokatuta, eta 1.707.884,51 euroko kostua izango du guztira (BEZa barne). Parke berri honek su itzaltze eta Salbamenduko Eskualde Unitate guztiei zerbitzu osagarria emango die, eta lurraldearen erdialdeko beharrizanei erantzungo die, Gasteizko parkeak ematen duen zerbitzua bera ere indartuz. Zerbitzu berria Iruña Okan kokatuko da, Los Llanos II industriagunean.  

EBA S.L. enpresak 36 asteko epea izango du obrak gauzatzeko, eta, parke berria 2017ko azarorako prest egongo dela aurreikusten du Aldundiak. Parke zentral berriak 1.200 metro koadro izango ditu beheko solairuan. Bertan kokatuko dira logelak, gimnasioa, biltegia, aldagelak eta garajea, besteak beste; horrez gain, lehengo solairuak beste 500 metro koadro izango ditu bulego, bilera gela eta prestakuntza gelatarako.

Fernando Martinez de Ilarduya parkea

Hemendik gutxira eraikitzen hasiko diren Suhiltzaileen Parke Zentralari Fernando Martinez de Ilarduya izena jartzea erabaki zuen aho batez Aldundiako Administrazio Kontseiluak, 2016an egindako azken bileran.

"Izan duen inplikazioagatik, gaitasunagatik eta balio profesionalagatik. Gako izan zen erakunde autonomoa abiaraztean eta, beraz, uste dugu merezitako eta beharrezko aitortza dela", nabarmendu du diputatu nagusiorde Pilar Garcia de Salazarrek. "Fernandok 2008. urtean ekin zion Arabako Foru Aldundiko larrialdien kudeaketarako arloan egin zuen lanbide etapari. Ordutik aurrera, aldundiaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzua abian jartzearen ardura hartu zuen, eta horrek berekin ekarri zuen aldundiko edozein funtzionariori zorrozki eskagarri zaiona baino dedikazio handiagoa izatea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago