Orduan etorri zitzaizkidan burura herriz herri, tipi-tapa, pausoz pauso euskararen aldeko oihua barreiatzen duen hamaika eguneko korrikaldiak nire baitan pizten dituen bazter miresgarriak: auzoko Korrika festan dastatutako txorizoa sagardotan, Korrika kanta bozgorailuetan jo ta su, kamiseta berria, pina, "Badator! Han dator furgoneta!", emozioak lagunduta egin nituen bi kilometroak jarraian eta "segi zuek, nik ezin dut gehiago"...
Horiek guztiak barrenera bueltatuko zaizkidala badakit, baina oraingo honetan Korrika gertuagotik ezagutzeko hautua egin dut, sakonera murgiltzekoa. Pauso bat beste baten atzetik jarri eta AEKren Arana euskaltegira abiatu naiz (Korrika bulegoa bertan dagoela txoritxo batek esana zidan eta). Bertaratu eta "Korrikan lagundu nahi dut. Zer egingo dut?" bota diet "Egun on" entzun bezain pronto. Laguntzeko hamaika modu badirela azaldu didate orduan. Hona horietako batzuk:
- Korrikaren propaganda zabaltzen lagundu (kartelak, Facebook, Twitter).
- Korrika laguntzaile egin: 12 euroren truke Korrika pina eta hainbat dendatan deskontuak eskaintzen dituen txartela jaso.
- Auzoko Korrika batzordean parte hartu: urtarriletik aurrera biltzen hasiko dira eta jakinaraziko dute.
- Elkarte, erakunde zein koadrilletako partaideen artean kilometroa erosi.
- Korrika kulturalak antolatutako ekitaldietara gerturatu.
- Korrika 20ren materiala edota petoa erosi.
- Korrikan bertan parte hartu.
Oraindik ez dut erabat argi aukera horietako zenbatetan hartuko dudan parte, bai ordea, barrena tximeletaz beteko zaidala berriz. 20. Korrika honen leloa dut gogoan: BAT ZUK. Alegia, ZUK lagunduko duen BAT hori izan nahi baduzu, BAT gehiago izango gara eta BATZUK handiagoa osatuko dugu.
Aurtengoan hegal jostalariak ez zaizkit martxoaren 30etik apirilaren 9ra agertuko. Dagoeneko sentitzen ditut bueltaka.