Ebroko Ur Konfederazioak Forondako dikea bertan behera uzteko eskatu du

Erredakzioa 2016ko abe. 21a, 10:44

URAk Forondako aireportua babesteko Zaia ibaiaren parean 3,5 kilometroko dikea egin nahi du.

Aireportua uholdeetatik babesteko dikea eraiki nahi du URAk. Inguruko herriak proiektuaren kontra agertu dira.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Forondako aireportuan uholdeak saihesteko dikearen proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, dikea egin nahi duten inguruko herriek aurkeztutako helegitean parte hartuko duela esan du. Besteak beste, Gereña, Mendoza, Estarrona eta Uribarri-Dibiñako herritarrek proiektuaren inguruko kezka agertu dute, uste baitute dikearen ondorioz errekaren beste aldean uholdeak areagotuko direla. Horrez gain, nekazaritzarako 25 hektarea desjabetuko dituztela salatu dute. Dikeaz gain, Vitoria Industrial Air Park izeneko enpresa parkea ere altxatu nahi dute bertan.

Orain, Ebroko Ur Konfederazioak proiektuaren inguruko beharrezko txostena egiteko informaziorik jaso ez duela adierazi du. Zentzu horretan, dikea eraiki nahi duen URA agentziak ez du txosten hau beharrezkotzat hartzen, obra interes orokorrekoa ez delakoan.

Horrez gain, Ebroko arroa kudeatzen duen erakundeak uste du dikeari lotutako bestelako proiektuak, hots, aireportura eta etorkizuneko enpresa parkera joango diren errepideen erreformak zein enpresa parkearen eraikuntza, konfederazioaren oniritzia jaso behar dutela.

Era berean, konfederazioaren txosten honek zalantzan jartzen du VIAP enpresa parkearen proiektua, kokapenak ez duelako legea betetzen, uholdeak izan ditzakeen eremu batean egin nahi dutelako. Azkenik, Forondako aireportua uholdeetatik babesteko bestelako aukerak badaudela gogorarazi du, tartean, AENA berak aurkeztutakoa, hain zuzen ere. Proiektu horrek errepideei lotutako lege guztiak betetzen dituela gaineratu du Ebroko Ur Konfederazioak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago