Hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna abian jarri da, Donostiako Protokoloa aurkeztuta

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko abe. 19a, 10:01

Ekitaldi xume eta hunkigarri batez aurkeztu zen larunbatean Donostian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, hau da, Donostiako Protokoloa. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azpimarratu zuen protokolo hau ahalduntze historiko baten ariketa praktikoa dela, Europako hizkuntza gutxituen eskubideak bermatzeko beharraren aurrean gizarte eragileek erakutsi dutelako tresna eraginkorra egiteko gai direla. Protokoloa Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektua izan da.

Bilbaok nabarmendu zuen hilabete hauetan guztietan izugarria izan dela Europako txoko guztietan topatu duen elkartasun linguistikoaren grina. “Parte hartzea izan da protokolo honen arrakastaren giltzarria, txikiak izan arren, guztiak batuta, bagarela nor erakutsi dugu”.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak ere ekarpenak egin ditu, hizkuntzaren berdintasuna eta normalizazioa bermatzeko jarraibideak definituz arlo sozioekonomikorako. Ziurtagiriaren Elkartea Donostiako Protokoloaren lehen sinatzaileen artean egongo da.

Kursaal Jauregiak gainezka egin zuen, ekitaldia baino egun batzuk lehenago gonbidapen guztiak agortuta baitziren. Musika eta dantza, eta hitzartzeak tartekatu diren ekitaldian Aureli Argemi eta Maria do Pilar Garcia izan ziren lehenak hitza hartzen. Duela 20 urte biek parte hartu zuten Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren osatze prozesuan eta ekitaldian gogora ekarri zuten deklarazio hura Donostiako protokoloaren aurrekaria dela.

DSS2016EUren kultur programaren zuzendari Xabi Payak adierazi zuen Donostiako Protokoloa mugarri garrantzitsua dela Europako bizikidetza eleaniztunerako bidean eta Hizkuntza Eskubideak bermatzeko Protokoloa bezalako egitasmoei esker, Europako Kultur Hiriburuen historian ondo gogoratuko dela Donostiak Europako identitateari hizkuntza aniztasunaren kudeaketa jasangarrian egindako ekarpena.

Protokolo honen gidari Europako sei erakundek osatutako Talde Antolatzailea izan da eta bertako ordezkariek oroigarri bana jaso dute egindako lan eskergarengatik.

Joan Mari Torrealdaik euskarak duela mende batzuetatik gaur arte gainditu behar izan dituen zailtasunek erakutsi dioten lezioaz aritu zen eta bidea egiteko belaunaldiek, kolektiboek, elkarlanak, auzolanak herrigintzan eta kulturgintzan edo euskalgintzan egindakoa nabarmendu zuen.

Ostean oholtzara igo ziren Euskal Herritik eta nazioartetik etorritako hamarnaka eragile eta guztiek, protokoloa eskuan hartuta, talde argazkia atera zuten, gaurtik aurrera protokolo hori hartuta, norbera bere hizkuntza komunitatera joanda, Europa anitzagoa, justuagoa eta berdinagoa egiteko esperantzarekin.

 


Albistea: www.protokoloa.eus

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago