Bai Euskarari ziurtagiria lortu dute zerbitzu zein lan arloan Orereta Ikastolak eta Orereta eta Haurtzaro ikastolek osatzen duten Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioak. Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorena da hori. Arlo guztietan 0 euskaraz funtzionatzen dutela ziurtatzen du horrek, eta pozik hartu dute berria, Orereta Ikastolako zuzendari Anartz Muxikak esan duenez.
Bikain ziurtagiria bazutela aurretik esan du Muxikak, “bermea bagenuen beraz, baina Bai Euskarari Ziurtagiria ezagunagoa da eta gehiago neurtzen du euskararen trataera zerbitzua ematerakoan eta barne mailan. Ziurtagiria emateak, gainera, euskarari dagokionean ere gauzak ondo egiten ditugula ikastolan berresten du, eta hori kanpora erakustea badugula”.
Orain hobekuntza plana dute mahai gainean datorren urteari begira. Helburua hainbat hornitzaileren fakturak euskaraz jasotzea izango da, “gehienak euskaraz jasotzen baditugu ere, oraindik orain fakturak gazteleraz bideratzen dituztenak badirelako: Horiek euskaraz jasotzea da helburua, eta gure eta beste enpresa eta erakundeen eskariei esker, aldatzen ari dira joera eta politika hori”.
Beste jomuga arrisku prebentzioen arloa da, “oso kudeaketa erdalduna du esparru horrek. Dagoeneko zenbat agiri euskaraz ditugu, baina beste batzuk oraindik ez dira iritsi, eta plangintzan sartu dugu horiek eskuratzea”.
Albistearen iturria: Oarsoaldeako Hitza
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.