Belaxe itzulpen zerbitzuak, Bai Euskarari Ziurtagiridunak, 25 urte bete ditu; 25 urte kalitatea, profesionaltasuna eta gertutasuna eskaintzen. Zorionak eta urte askotarako!
Belaxek arreta berezia eskaintzen dio euskararen normalizazioari eta "Zerbitzua eta lana euskaraz" ziurtagiria du, Bai Euskarari baieztagarrietatik mailarik altuena.
Gaurkoan, 25 urtemuga dela eta, taldearen mezua ekarri nahi izan dugu gurera:
Belaxe itzulpen-zerbitzuak 25 urte bete ditu 2016an! Erraz esaten da, baina euri eta elur dezente egin du 1991tik hona.
Mende laurdeneko historia apur bat egitearren, ekar dezagun gogora gaur egungo Europako hainbat herrialde (Estonia, Lituania, Ukrainia, Moldavia, Georgia...) orduan sortu zirela estatu gisa, urte hartan bertan desagertuko zen Sobietar Batasunetik bereizita.
Gure artean, euskal kulturak On Jose Miguel Barandiaran antropologoa galdu zuen, baita Gabriel Zelaia eta Lino Akesolo idazleak ere. Euskal kirolak, berriz, gozatu ederra hartu zuen Miguel Indurainek bere lehen Frantziako Tourra irabazi zuenean.
Eta, urte hartan, nork eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen kataluniar funtzionarioek nahitaez jakin behar zutela katalanez. Tamalez, euskarak ez zuen orduan, eta oraindik ere ez du, katalanaren normalizazio-maila, ez gizartean ez erakunde publikoetan.
Dena dela, euskararen normalizazio-bidean ia hamar urte lehenago (1982an) onartu zen Euskararen Legeak hainbat eskubide onartu zizkigun euskaldunoi, eremu publikoan euskaraz bizi ahal izateko (edo saiatzeko, behintzat), besteak beste: dokumentu publikoak, jakinarazpenak, kaleko bide-seinaleak, mezuak eta halakoak bi hizkuntzetan argitaratzea.
Legeak eta erakunde publikoak ez ezik, eremu pribatuko norbanako, enpresa eta erakunde askok eta askok ere erakutsi nahi izan dute, urteotan, gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko jarrera, euren argitalpenetan (memorietan, publizitate-liburuxketan, karteletan…) euskara eta gaztelania pare-parean jarriz. Horrela, elebitasunak eta, horrekin batera, itzulpengintzak lekua irabazi dute gure artean urtez urte. Eta, zer esanik ez, Internet eta mundu digitala nagusi dugunetik.
Horregatik, 1991n, irakasle-ikasketak amaituta Eskoriatzako Irakasle Eskolan itzulpen-masterra egiten ari ziren hiru emakume gaztek erabaki zuten ez zutela irakaskuntza lanbidetzat hartuko, baizik eta euskararen normalizazioaren bidean artean behar bezala estali gabe zegoen zerbitzu hura: itzulpengintza eta interpretazioa. Eta halaxe jaio zen Belaxe, Ondasun Erkidegoa.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.