Asteartean auzipetuen presentziarik gabe epaiketa egin eta bi egunetara, heldu da epaia. "Desobedientzia larria" eta zigor berbera ezarri du epaileak zortzi auzipetuentzat. Sei hilabeteko isun ekononomikoa, eguneko sei euroko kantitatearekin. 1.080 € auzipetu bakoitzeko, beraz. Ez da espetxe zigorrik izan, baina ez ordaintzekotan, hiru hilabetetako zigorra bete beharko dute 2015eko maiatzean Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik.
Zigortutako gazteek adierazi dute ez dutela zigorrik merezi "justiziaren alde egiteagatik", baina jarrera horren ondorioak onartzeko prest daudela. "Are gehiago, berriz egingo genuke". Lege "injustuen" aurka borrokatzera deitu dute: "Izan legedi antiterroristak, izan Mozal legea, izan udal-araudi zentsuratzaileak. Borroka horretan, desobedientzia ezinbesteko osagaietako bat da.
Elkartasun eta konpromiso ekonomikoa
Halaber, elkartasunerako deia egin dute, eta "errepresio ekonomikoari" kolektiboki heltzea proposatu dute. "Espetxealdi batekin alderatuta errepresio ikusgaitzagoa delako, elkartasuna pizten zailagoa, baina ez halabeharrez leunagoa. Bai ordea desmobilizatzaileagoa askotan, are gehiago poltsikoak hutsago ditugun testuinguru ekonomiko honetan".
Zigorra espero genuen, desobeditu izana onartu ez ezik aldarrikatu ere egin dugulako. Gure ustea zen, ordea, espetxe zigorrak izango zirela bidea kasu batean ez ezik beste guztietan, eta aurrekari penalak ez izanik, espetxealdirik eta isunik gabe amaituko zirela zazpi prozedura horiek. Usteak erdi ustel. Horregatik, asteartean abian jarritako kanpaina ekonomikoan ezarri genuen diru-kopuruaren helburua berregokitu beharrean aurkitzen gara.
Asteartean 10.000€ behar zituztela esan bazuten, 16.660 behar dituztela adierazi dute orain. "Astearte honetako eta iragan urriaren 10eko epaiketen ondorioei aurre egiteko; 11.880€ isunetan, 4.780 prozedura judizialaren eta defentsa juridikoaren gastuei aurre egiteko". Diru ekarpenak egiteko kontu korronte zenbakia bat jarri dute [ES 34-3035-02289422-8002-3218].