Europako hizkuntza-aniztasunaren foroa

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko abe. 14a, 16:42

Bihar eta etzi, abenduak 14-15, Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa antolatuko da Donostiako Kurtsaalean. Ekitaldia UNESCO Etxeak, Donostia-San Sebastian 2016 Fundazioarekin elkarlanean antolatu du eta Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta adituak bilduko ditu; Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ere bertan izango da.

Foro honen helburua da eskala handiko aukera bat sortzea, estrategia zehatzei buruzko akordioak ezartzeko eta horien bitartez arriskuan dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatu ahal izateko. Sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatu nahi da, baita Europako partaidetza-maila ezberdinen artekoa ere: erakunde sozialak, ikerketa- eta kultura-eragileak, eta gobernu-erakundeak (estatuaz azpikoak, estatukoak, Europakoak eta aldeaniztunak).

Halaber, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan hizkuntza-aniztasunari kalte egiten dioten eta hizkuntza ez-hegemonikoek hiztunak galtzea eragiten duten jarrera eta diskurtsoei buruz ere arituko dira, kontuan izanda hizkuntza-eskubideak norbanakoen eta beren komunitateen oinarrizko eskubideak direla.

Europan 24 hizkuntza ofizial daude, eta, horiez gain, Europar Batasunean 90 "eskualde-hizkuntza" edo "hizkuntza gutxitu" daude. UNESCOren datuen arabera, 30 hizkuntza inguru galtzeko arriskuan daude (Report on Endangered European languages and Linguistic Diversity in the European Union 2013), eta Europar Batasuneko 50 milioi pertsona inguruk, bertako biztanleen % 10ek, eskualdeko hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzte. Gaur egun, hizkuntza-komunitate eta pertsona horiek ez dituzte hizkuntza-eskubideak bermatuak.

 

 

Informazio gehiago eta foroaren egitarau osoa hemen.

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago