Enpresaz, euskaraz eta ekintzailetzaz

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko abe. 12a, 00:00

GARA EGUNKARIA - EUSKARAREN EGUNEKO GEHIGARRIA 

 

Azaroaren 3an izan zen Hernanin euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen arteko topaketa. Bi urtean behin antolatzen du Enpresarean ekimena Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak; aurtengoa Enpresa Azoka honen hirugarren edizioa izan da, eta Orona enpresaren Ideo berrikuntza gunean egin zuten bilkura. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hernaniko Udalak, Laboral Kutxak eta Oronak berak babestu dute.

130 pertsona inguru izan ziren jardunaldietan euren ilusioak, ibilbide profesionalak eta ekintzailetza zein finantziazio ereduak partekatzen. Honek antolatzaileei etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta ideiak partekatzeko foroa eskaintzen die, eta horrek, euren arabera, «euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzeko konpromisoa berrestera» daramatza. Elkartearen iritziz euskara ongizatearen pieza garrantzitsua da. Ekitaldiari hasiera emateko, “Ekintzailetza eta finantziazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak” gaia aurkeztu zuten jardunaldiaren antolatzaile eta babesleek: Rober Gutierrez (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria), Markel Olano (Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia) eta Luis Intxauspe (Hernaniko alkatea). Gutierrezek adierazi zuen ekintzaileek ekintzailetza sistematikoki sustatuko den ingurune bat nahi dutela, eta ordezkatzen duen elkartearen nahia ingurune horretan euskararen presentzia ziurtatzea dela: «Euskara era naturalean erabiliko duten aberastasun sustatzaileak behar ditugu mundura begira eta beste hizkuntza batzuk ahoan izatera ohituta egongo direnak. Gure lurraldearen garapen osoa sustatzeko eta XXI. mendeko Euskal Herrian era naturalean txertatzeko gai izango direnak».


ARIN-ARIN SARI BANAKETA

Jardunaldi honen zati esanguratsu bat Arin-Arin egitasmoa da, bertan zenbait enpresa edo elkartek beraien ideia eta proiektu sortzaileak aurkezten baitituzte. 2.000 euroko saria zegoen gordeta irabazlearentzat, eta hamahiru proiektu aurkeztu ziren, beste hainbeste enpresaren eskutik. Azkenean, saria Kaixomaitiarentzat izan zen, eta taldearen izenean hartu zuen Iñigo Arandiak. Kaixomaitia 2007an sorturiko euskaldunon harremanetarako gunea da. Urteetan zehar aldaketak jasan ditu eta, denborak aurrera egin ahala, gero eta komunitate handiagoa biltzen joan da, 4.000 euskaldun harremanetan jartzera iritsi arte.

Arandiak hainbat azalpen eman zituen ondoren Enpresarean egitasmoaz eta suposatzen duenaz: «Euskal Herriak euskalgintza eta eredu sozial eraldatzaile gehiagoren beharra duela uste dut, eta administrazio publikoak oraindik ere baduela bietan egiteko bide luzea. Euskara ez baita estrategikoa Euskal Herriarentzat; ezinbestekoa da». Hunkituta agertu zen Arandia jasotako sariagatik eta errekonozimenduagatik: «Askotan sari hauek balio dute bere balio ekonomikoarengatik baino (oso ongi etorria dena!), duten balio emozional eta animikoarengatik. Egindako lanaren aitortzarengatik».

Azpimarratzekoa da Arandiak saria Banaiz Bagara elkartearekin partekatzea erabaki zuela: «Saria jaso, eseri eta berehala, Banaiz Bagara eta Petra Elser etorri zitzaizkidan burura. Elkartea eta Petra, gutxi bada ere, aurreko lan esperientziatik –Irrien Lagunak Kluba eta Bizipoza proiektuan– ezagutzen nituen, beste hainbat elkarte eta gizarte eragilerekin batera». Banaiz Bagara elkartea 2009an sortu zen Urnietan, gure gizartean jatorri ezberdinetako pertsonen artean euskaraz bizitzeko aukera gehiago sortzeko. Arandiak elkartearen helburuak konpartitzen ditu, baina esperientzia pertsonalak eskaintzen dituen balio erantsia eta atxikimendua dauzka: «Oso berriki gertutik ezagutu dut ia familiakoa den Fatima emakume marokoarrak Donostian bizi duen lan eta bizitza egoera (zorionez asko hobetu zaiona). Ni neroni ere gaztetan migratzaile izan naiz, hasieran bertako hizkuntza ezagutzen ez nuen herrialde batean, ia sei urtez. Kasualitatez, Petraren jaioterrian; Alemanian. Migratzaile zuri, (hego) europar, gizonezkoa, lanpostua (ia) ziurtatua eta erresidentzia baimenak eskatzeko ilara motzak egin behar dituzten horietakoa. Pribilegiatua. Noski, ziurrenik, Banaiz Bagara elkarteko migratzaileekin alderatu ezin banaiz ere, nahiko erraz enpatizatu dezaket partetxo batean euren egoerarekin».

 

 

EKINTZAILETZA EREDUAK

Ondoren, ekintzailetza ereduez hausnartzeko, solasaldi batean elkartu ziren honako parte hartzaile hauek: Nagore Ardanza, Crecer+ Orkestrako arduraduna; BAC Mondragonetik, Mikel Orobengoa (ISEAko zuzendaria); Be- ñat Irasuegi, Talaios Kooperatibako zuzendaria; eta, azkenik, Paul Liceaga, Adegiko Elkarte Sektorialen zuzendaria. Pilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatu zuen. Talaios Kooperatibarena oso adibide esanguratsua da. Teknologia berrien bitartez gizarte eraldaketa bilatzen duen kooperatiba bat da, eta teknologia libreetan oinarritutako tresnen garapena eta prestakuntza eskaintzen ditu. Hainbat lan eta proiektu garatu ditu Errenterian abiatutako esperientzia honek: Localbier (garagardo artisau eta ekoizleen bilatzailea), Aramendia gozogile ezagunen negozioaren online garapena, Kabia espazio sortzailea edota “Hitza”-ren web orriak.

Finantziazioari dagokionez, dirua lortzeko bideez aritu ziren hainbat profesional, tartean Juan Garibi, Fiareko zuzendaria. Euskal Herrian finantza etikoetan interesa zuten hainbat talde elkartu, eta 2003an Fiare Fundazioa eratu zuten, banka etiko baterako oinarriak ezarriko zituen herritar mugimendu aktiboa saretzeko. 2005ean Banca Popolare Etica erakundearen agente izateko kontratua sinatu zuten, eta finantza bitartekaritza jarduerari ekin. Era berean, Eneko Knörrek, Silicon Valley-n bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak, berrikuntzaren eta finantziazioaren alorren inguruan hitz egin zuen. Knörrek Bilbotik teknologiaren Mekara egin zuen jauzi esku artean zeukan proiektua aurrera ateratzeko: Ludei joko aplikazioa. Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egin zuten: Miren Lauzirika (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubai (Abantail) solasaldi batean elkartu ziren esperientziak partekatu eta emakumeek dituzten aukerak zein oztopoak azaltzeko. Emakume ekintzaileek saretu eta ikusgarritasuna behar dutela nabarmendu zuten.

Bukatzeko, Markel Irizar, TREK taldeko txirrindulari profesionalak eta Bizipoz proiektuko sustatzaileak, jardunaldia itxi zuen bere egitasmoaren berri emanez. Ekintzailearen ezaugarri nagusia baikortasuna dela azpimarratu zuen oñatiarrak.

 


 

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago