Forondako langileak eta AENAko zuzendaritza akordio batera heldu dira, eta besteak beste, aireportuaren zerbitzuak indartzea adostu dute, egunez ere jardutea ahalbidetuko duena. Zehazki, martxotik aurrera, lau ordu gehiago zabaldu dute aireportua, eta hortaz, egunean 16 orduz egongo da zabalik. Orain arte, gauez bakarrik funtzionatu du, 20:30etik 8:30era. Horrela, martxoaren 6tik aurrera Ryanair konpainiak abian jarriko dituen hegaldiak artatzeko zerbitzua bermatuko da. Era berean, akordio honek aurreko apirilean langileek ekin zioten grebari amaiera eman dio. Horrez gain, langile gehiago kontratatzea adostu dute, zehazki, zazpi behargin berri.
Forondako aireportuaren eguneko ordutegi berria honakoa izango da: astelehen, astearte eta asteazkenetan, 12:30etik 16:30era. Ostegunetan, 18:45etik 20:30era. Ostiraletan, berriz, egunean bi aldiz irekiko dute; eguerdian eta gauean. Larunbatetan 7:30etik 16:00ak eta 20:30etik 00:00ra bitartean, eta igandetan, 11:00etatik 18:00etara eta 20:15etik 22:30era.